Gidabaimena euskaraz ateratzeko kanpaina abian da

Urola Kostako Hitza 2010ko mai. 11a, 11:05

Udalaz gain, herriko ikastetxeek eta autoeskolek hartu dute parte euskararen aldeko ekimen berrian

Gidabaimena euskaraz ateratzen duten lehen hamar lagunek saria izango dute

Azpeitiko autoeskoletan gidabaimena euskaraz ateratzeko kanpaina martxan jarri dute. Urola eta Lagunak autoeskolek eta Urola Ikastolak, Iraurgi Ikastetxeak eta Ikasberri Azpeitiko Ikastolak bat egin dute Udalak bultzatu duen ekimenarekin, Azpeitian, gidabaimena ere euskaraz lelo hartuta.

Gidabaimena ateratzeko ikastaroak egiten dituzten gehienak gazteak direnez, kanpainaren leloa duen horma-irudiak ikastetxeen eta autoeskolen sarreretan jarriko dituzte. "Gazteak animatu nahi ditugu gidabaimena euskaraz ateratzera", azaldu du Ana Mendizabal Euskara zinegotziak.

Azpeitiko autoeskoletan gidabaimena ateratzeko saio teorikoak eta saio praktikoak egin daitezke euskaraz. Lagunak autoeskolak Gipuzkoa osoan dauzka egoitzak eta, Joxe Mari Fernandez autoeskolako kudeatzaileak esan duenez, "beste tokietan harrera nahiko ona" izan dute gidabaimena euskaraz ateratzeko ikastaroek. Dena den, zailtasun gehien azterketa prkatikoa euskaraz egiteko dagoela azaldu du: "Azterketak egiten dituztenetatik bik besterik ez dakitelako euskaraz", azaldu du.

Lehenengoentzat saria

Kanpainaren baitan gidabaimena euskaraz ateratzen duten lehen hamar lagunek saria izango dute. Zehazki, bi lagunentzako bazkari-afari bana eskuratuko dute aurrenekoek.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide