Bihar jokatuko du Iraurgik asteburuan atzeratutako partida

Uztarria.eus 2010ko mai. 11a, 11:05

.19:30ean hasiko da norgehiagoka Azpeitiko kiroldegian

Islandiako Eyjafjallajokull sumendiak eragindako errauts lainoa dela-eta, atzeratu da partida

Bihar, maiatzaren 12a, jokatuko dute Lan Mobel Iraurgik eta Malagako Alhaurin de la Torre taldeak larunbat arratsaldean jokatzekoak ziren partida. Bihar, 19:30etatik aurrera izango da EBA ligako Igoera Faseko itzuliko partida.

Joaneko partidan, Malagan (Espainia), berdinketa lortu zuen Iraurgik. Itzuliko partida ikusteko dago, baina Igoera Faseko lehian jarraitzeko irabazi egin beharko du partida Iraurgik.

Alhaurin de la Torre taldeak ezin izan zuen Azpeitira etortzeko hegazkina hartu larunbatean. Islandiako Eyjafjallajokull sumendiak eragindako errauts lainoa zela-eta, Loiuko aireportua itxita egon baitzen.

Arazoak tarteko, igandean 12:00etan jokatuko zutela erabaki zuten. Baina, herenegun ere ezin izan zuten etorri.

Bigarren mailara

Zurt taberna ISB taldeak Eskoriatzararen kontrako Gipuzkoako Txapelketako finala 32-61 irabazi, eta Bigarren Mailara igoko da. Iraurgi Saskibaloi Elkarteko emakumezkoen taldea sailkapenean aurrena izan da eta, finala irabazita, mailaz igotzea lortu du. Datorren denboraldian Bigarren Mailan ariko da, beraz.

Eskoriatzaren kontra jokatutako finalean partidaren hasiera-hasieratik nagusi izan ziren Iraurgikoak, erraz irabaziz.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide