Sanagustinen irekitze atzerapena dela-eta diputatu gipuzkoarrengana jo du Kultur Mahaiak

uztarria.com, Urola Kostako Hitza 2010ko mai. 11a, 12:05

Kultur Mahaiak gutuna bidali die Espainiako Kongresuko legebiltzarkide gipuzkoarrei, kezka azalduz

Hori dela eta, bi diputaturekin daude harremanetan

Sanagustin kulturgunearen irekiera luze jotzen ari da. Lanak aspaldi bukatu zituzten, baina oraindik ere itxita jarraitzen du. Atzerapenak direla-eta, Azpeitiko Kultur Mahaiak kezka azaldu die Espainiako Kongresuko gipuzkoar diputatuei. Izan ere, Espainiako Gobernua ari da Sanagustineko lanak finantzatzen.

Irekitzeko sinadura bat besterik ez da falta, baina ez da iristen. Eta, sinadura iristen ez den bitartean itxita jarraituko du Kulturguneak, Espainiako Gobernuko Etxebizitza Ministerioa ari baita lan hauek finantzatzen.

Julian Eizmendi alkatea Ministeriora eta beste erakunde batzuetara deika ari da gauzak azkartu asmoz, eta Kultur Mahaiak ere mugitzen hastea erabaki du: Espainiako Kongresuko diputatu gipuzkoarrekin jarri da harremanetan. Sanagustinen irekiera atzerapenaren inguruko kezka azaldu diete diputatuei gutun bidez. Ondorioz, bi diputaturekin daude harremanetan.

Jose Ramon Beloki EAJko parlamentariak jakinaren gainean dagoela adierazi dio Kultur Mahaiari, Azpeitiko alkatearekin horri buruz mintzatu delako. Eta Beatriz Corredor Etxebizitza ministroarekin hartu-emanetan dagoela jakinarazi du. "Begiratuko duela esan zidan ministroak, eta espero dut kontua azkartuko dela", esan dio Belokik Kultur Mahaiari. "Sanagustin bultzatzen jarraitzeko prest nago" erantsi du. Lehen ere gaiari heldutakoa da EAJko diputatua: 2006an hitzarmena lortzeko garaian eta 2008an Kongresuan gaiaz galdera bat egin zuenean.

PSE-EEko parlamentari Arritxu MaraƱonek ere erantzun dio Kultur Mahaiari: gutuna irakurri duela eta Etxebizitza Ministerioarekin harremanetan jarriko dela esanez.

2009tik geldirik

Altuna y Uria enpresak joan den urtean amaitu zituen Sanagustineko bigarren faseko lanak. Beraz, Espainiako Gobernuak 2009ko otsailean onartutako aldaketak gauzatzea besterik ez da falta; ekipamenduari buruzkoak hain zuzen ere. Kultur Mahaiak Udal teknikariekin egindako kalkuluen arabera, gehienez bi hilabete beharko lirateke ekipamendu hori erosteko eta sonorizazio, argiztapen eta multimedia materiala instalatzeko.

Ikusi Kultur Mahaiak Sanagustinera joan den martxoan egindako bisitaren bideoa

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide