Atzeratu egin dute Olatz Izagirre eta beste hiru gazteen aurkako euroagindu saioa

uztarria.com eta berria.info 2010ko mai. 11a, 15:05

Espainiako Auzitegi Nazionalak ez ditu Paueko Auzitegira igorri lau gazteen kontrako agiriak eta auzi saioa atzeratu egin dute

Izagirre urnietarra da, baina Azpeitiko bizilaguna zen bera atxilotzera joan zirenean

Olatz Izagirre, Carlos Renedo, Asier Coloma eta Gaizka Likona gazteen aurka Espainiako Auzitegi Nazionalak egindako euroagindu eskaera gaur (asteartea) ziren aztertzekoak Paueko Auzitegian, baina Auzitegi Nazionalak ez ditu igorri agiriak eta saioa hurrengo asteartera arte atzeratu dute. Laurak ostegunean atzeman zituen Frantziako Poliziak Lapurdin, eta Paueko fiskalak kartzelan sartu zituen -Muret Seyssen-, auzi saioa egin bitartean. Izagirre urnietarra da, baina Azpeitian bizi zen joan den azaroaren 23an Guardia Zibila bera atxilotzera joan zenean.

Iazko azaroan Segi gazte mugimenduaren kontra egindako polizia operazioan Izagirre, Renedo, Coloma eta Likona atxilotzen saiatu ziren Espainiako Polizia eta Guardia Zibila, baina ez zituzten etxean aurkitu. Ordutik, iheslari politiko gisa bizimodu "publiko eta normala" egiten ari ziren Lapurdin, Amnistiaren Aldeko Mugimenduak esan duenez.

Hainbat iturriren arabera, Euskal Herritik 60 lagun inguru joan dira Pauera lau gazteei sostengua adieraztera.

Informazio gehiago berria.info-n , gara.net-en edota kazeta.info-n

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide