Dagoeneko denok jakingo duzuen bezala, Azpeitia Azkoitiarekin lotuko duen saihesbidearen lehen fasea egiten ari dira Azpeitian. Lehen fase honetan, Landetako biribilgunea, Zabaletxeko zelaian egingo duten biribilgunearekin, Zapatariko biribilgunea lotu nahi dute. Egia esanda, ez dut sekula horren beharrik ikusi.
Nire uste apalean, honekin lortuko dena, Urrestilla aldera dihoaztenei Landetatik igaro gabe joateko aukera ematea da. Hori oso ondo ikusten dut, baina niretzako, beste askotan bezalaxe, neurrietan dago okerra. Zertarako horrenbesteko obra? 13 milioiko aurrekontua duena; futbol zelai bat baino handiagoa den biribilgune berria; bi biribilguneren artean lau karrileko bidea egin; zertarako? Zertarako gastatu herri barruan autobidea egiteko hainbeste diru, gero herritik Zumaiarantz edo Tolosarantz edo Beasainerantz joan behar dugunean ia gurdi bideetan ibili behar badugu? Ez al litzateke hobe irteera horietan diru pilo horiek gastatzea? Baina izenburuan jartzen dudan bezala, eta nahiz eta alde guztietatik entzun erabaki okerra dela, egin egingo dute.