Tuba ezagutzeko parada izango da ekainaren 5ean

Uztarria.eus 2010ko mai. 12a, 13:05

Azpeitiko Metal Boskotearen ekimenez, egun osoko tuba-jaialdia egingo da Azpeitian

Tuba jaialdian parte hartu nahi dutenek, izena eman eta 15 euro ordaindu beharko dituzte

Azpeitiko Metal Boskoteak Tuba Jaialdia antolatu du, Udalaren laguntzarekin. Ekainaren 5ean izango da eta egun osoko egitaraua antolatu dute.

Ekimen honek bi helburu ditu: Batetik, inguruko tubista eta tubazaleak elkartzea eta, bestetik, tuba instrumentua ezagutaraztea. Ekainaren 5era begira, lanean dabiltza Metal Boskoteko kide Aitor Hernandez, Agustin Jiménez, Ibai Pastor, Juan Carlos Ribelles eta Izaskun Ocon.

Tuba jaialdian parte hartu nahi dutenek, izena emateaz gain, 15 euro ordaindu beharko dituzte, eta trukean, bazkaria, elastikoa… ordainduta izango dituzte.

Honakoa izango da egun osoko egitaraua:

09:00etan: Ongietorria Enparan dorretxean.

09:30ean: Oscar Abellak ikastaro labur bat emango du. Bertan musika tresna jotzen hasi aurretik, tuba bera eta musikariaren gorputza prestatzeko beroketa ariketak landuko ditu.

10:30ak aldera: Ervitti musika tresna etxeak erakusketa txiki bat jarriko du. Tubarentzat tresna ezberdinak egongo dira ikusgai.

11:00etan: Hamaiketakoa. Egun horretarako prestatutako kamiseta oparituko zaio musikari bakoitzari.

12:00ak aldera: Arratsaldean eskainiko duten kontzertua prestatzeko entsegua.

14:00etan: Bazkaria.

16:00etatik-17:00etara: entseguak talde txikietan.

17:00etatik aurrera: Zenbait musika tresnen erakusketa Culta musika etxearen eskutik (kontzertua bukatu arte egongo da irekita).

18:30ean: Kontzertua. Lehenengo talde txikiek joko dute, eta ondoren tuba banda osoak eskainiko ditu lau obra.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide