Lasaorako bidegorriaren eraikuntza enkantera atera du Aldundiak

Urola Kostako Hitza 2010ko mai. 13a, 11:05

3,4 milioi euroko aurrekontua du 4,8 kilometroko bidegorriaren lanak

Irailean hasiko dituzte lanak, eta hamaika hilabete beharko dituzte lanak amaitzeko

Gipuzkoako Foru Aldundiko Garapen Iraunkorreko departamentuak Azpeitia eta Lasao artean bidegorria egiteko lanak enkantera atera ditu. Irailean hasiko dira eraikitzen 4,8 kilometroko luzera izango duen bidegorria, eta hamaika hilabetetan lanak bukatuko dituztelakoan daude.

Enkantera ateratako aurrekontua 3.412.686 eurokoa da, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak finantziatuko du hura eraikitzea.

Herria eta industrialdea lotuz

Bidegorriak lau metroko zabalera izango du, eta oinezkoen eta bizikleten trafikoak bereiztuko ditu. Zati batean, pasealeku bezala erabili ohi den Lasaoko araztegi aldera doan bide bat hartuko du bidegorriak. Zati horretan, trazatu zaharra zabaldu egingo dute eta bizikletentzako eta oinezkoentzako bideen araudi teknikora moldatuko dute.

Araztegira iristean, bidea trenbidearen azpitik igaroko da, eta instalazio hidraulikoen atzetik jarraituko du, ibaien ertzari ingurumen eraginik ez egitearren. Zati honetan trafiko motorduna ere ibili ahal izango da, traktoreak batik bat, inguruko lur sailetara joan beharra izaten dute eta. Anardi-Badiolegi industrialdera iristean, bidegorriak Lasaoko auzorantz egingo du.

"Bidegorri berriak Azpeitiko hirigunea enpresa garrantzitsuekin lotuko du, eta oso azpiegitura egokia izango da lantegi askotara modu iraunkorrean bertaratzeko", jakinarazi du Aldundiak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide