Hazpandarrak Azpeitira etorriko dira larunbatean

Uztarria.eus 2010ko mai. 13a, 13:05

Hazparneko Udaleko eta hainbat talde eta elkarteetako 45 bat ordezkari etorriko dira

Harrera udaletxean egingo diete, 10:30ean

Azpeitiko eta Hazparneko udalek bi herrien arteko senidetasuna sendotzen jarraitzeko asmoz, Azpeitian egun-pasa egingo dute larunbat honetan.

.45 bat lagun etorriko dira Hazparnetik. Talde eta elkarteetako kideez gain, BeƱat Intxauspe alkatea eta lau hautetsi herrian izango dira. 10:30ean hazpandarrei harrera egingo diete udaletxean eta, talde desberdinetan banatuta, Azpeitiko txoko eta azpiegiturak ikusteko parada izango dute. 13:30ak aldera, udaletxean elkartu eta Lau Bide jatetxera joango dira bazkaltzera.

Gainera, bihar, maiatzak 14, ostiraleroko baserritarren azokan Hazparneko lau baserritar izango dira. Beraien produktuak saldu eta nola egiten dituzten azalduko dute: behi-gazta, ardi-gazta, ahuntz-gazta, eztia, ogia eta ahate produktuak izango dituzte salgai.

Azpeitiarrak Hazparnen

Iazko azaroan, Azpeitiko zenbait elkarte eta ikastetxetako kideak zein udal ordezkariak Hazparnera joan ziren, eta harremanak sendotzeko konpromisoa hartu zuten.

Azpeitia eta Hazparne 80ko hamarkadatik daude senidetuta.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide