Epaiketa salatzeko mobilizatzeko deia egin dute Udalbiltzako auzipetuek

Urola Kostako Hitza 2010ko mai. 17a, 11:05

Uztailaren 15ean hasiko da Miren Odriozola azpeitiarraren, Xarlo Etxezaharreta hazpandarraren eta beste 20 lagunen kontrako epaiketa, Madrilen

"Bidegabekeri honen kontra" daudenei mobilizatzeko eskatu diete Udalbiltzako auziperatuek

Miren Odriozola azpeitiarra eta Xarlo Etxezaharreta hazpandarra Udalbiltzaren kontrako auzian auzipetuta daude, beste 20 lagunekin batera. Aste honetan bertan jakin dute uztailaren 15ean hasiko dela euren kontrako epaiketa, Madrilen, Espainiako Auzitegi Nazionalean. Atzo goizean, auzipetuek agerraldia egin zuten Donostian eta epaiketaren aurrean "bidegabekeria horren kontra" mobilizatzeko deia egin diete herritarrei, eta baita alderdi politikoei eta hautetsi abertzaleei ere.

Jendeari euren esku dauden eremu guztietan Udalbiltzaren kontrako epaiketa salatzeko deia egin zuten atzo auzipetuek. "Euskal herritarron giza eskubideen eta eskubide zibil eta politikoen defentsan egin eta eragin dezagun", eskatu du Maribi Ugarbeteburuk Udalbiltzako auzipetu guztien izenean. Era berean, "bidegabekeria honen kontra" dauden eragileei hilaren 21ean, 10:30ean, Andoaingo Martin Ugalde parkean egingo duten batzarrerako deia egin diete.

Udalbiltzako auzipetuek nabarmendu dutenez, "demokrazia bateraezina da Udalbiltzaren kontrako prozesuarekin, eta horri aurre egiteko garaia da, herri bezala erantzunez, gure erakundeenganako eta ordezkariekiko errespetua eskatuz".

Orain zazpi urte, 2003ko apirilaren 29an, egin zuten Udalbiltzaren kontrako operazioa, Baltasar Garzon Auzitegi Nazionaleko epaileak aginduta. ETArekin harremanak izatea egotzita, 22 lagun daude auzipetuta; tartean, Miren Odriozola azpeitiarra eta Xarlo Etxezaharreta hazpandarra. Haien aurka 10 eta 15 urte arteko kartzela zigorrak ditu Fiskaltzak; guztira 240 urteko espetxe zigorrak.

Aste honetan jakinarazi dute Udalbiltzaren aurkako epaiketa uztailaren 15ean hasiko dela, Madrilen. Javier Gomez Bermudez izango da epaimahaiburua, 'Egunkaria'-ko itxiera kasuan bezalaxe.

Uztarria herri aldizkariaren 2008ko otsaileko zenbakiak zekarren Miren Odriozola eta Xarlo Etxezaharreta Udalbiltzako auziperatuei egindako elkarrizketa .

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide