Guardiola Azpeitian

Uztarria.eus 2010ko mai. 17a, 17:05

Pep Guardiola Bartzelonako entrenatzailea, Nou Campen.

Futbol munduan Pep Guardiola eta Bartzelona berriro hizpide direla-eta, Estitxu Elduaien uztarria.com-eko blogariak iaz garaiotan idatzitakoa ekarri dugu gogora

(...) Pep Guardiola ekarriko dut gurera, orain urte batzuk hemen bertara, Azpeitiko kaleetara bera bere kabuz etorri zen moduan. Orduan oraindik jokalaria zen, eta oporraldi tarte batean Bustintzuriko errebalean ikusi omen zuten. Loiola ingurura zerbaitetara etorria omen zen, eta herrian omen zebilen ikusmiran.

Errebaleko denda bateko andre batek ikusi, eta beregana jo omen zuen. "Aizu, horko tabernako jabeak oso Bartzelona zaleak dira, eta pena da zu ikusi gabe joatea".

Oker tabernakoak ziren bartzelonistak. Baina taberna itxita omen zegoen. Guardiolak biharamunean ere Azpeiti aldean ibiliko zela eta itzuliko zela tabernakoak agurtzera esan zion dendariari.

Eta esandakoa egin. Hurrengo goizean ere han agertu omen zen futbolaria. Okerreko tabernarientzat goiz antxean izan, ordea, nonbait, eta berriro ere atea itxita topatu omen zuen. Barre egin eta "lastima" esanez alde egin omen zuen Guardiolak. (...)

--

Estitxu Elduaien kazetariak iazko ekainaren 3an uztarria.com-en idatzitako artikuluaren zatia da goikoa.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide