Saihesbidearen lanak tarteko, Landetako lantegi batzuetakoak kexu dira

Urola Kostako Hitza 2010ko mai. 18a, 11:05

Landetan Juantxo eta Aiertza Autoak tailerren ataria itxita. (Nerea Uranga)

Lanengatik, tailer ataria itxi dietela salatu dute; Udalak dioenari kontra eginez, zati hori eurena dela esan dute

Julian Eizmendi alkatearen esanetan, "garbi dago tailer horien ataria Udalarena dela"

Landetako industrialdeko lantegi-jabe batzuk kexu dira saihesbidearen lehen faseko lanek eragin dizkieten kalteengatik. Juantxo Autoelektrizitatea eta Aiertza Autoak lantegietako jabeek azaldu dutenez, lantegi aurrea itxi eta autoak aparkatzeko tokia kendu diete. Diotenez, Udalak eremu hori publikoa dela esaten du, baina beraiek dituzten eskrituretan pabiloiarena dela jartzen du. "Kontu hori argitu nahian abokatuekin gabiltza, baina hori zeinena den jakin aurretik, bertan aparkatuta geneuzkan autoak kendu eta beste toki batera eraman dituzte eta porlanezko hesiekin itxi egin dute eremua", salatu dute aurrez aipatutako lantegietako jabeek.

Tokia ixtera gauez joan zirelako ere haserre daude. "Tailerren ataria ixtera gauez etorri ziren. Udalak ezer ezkutatzeko ez badu, zergatik kendu dituzte gauez autoak?", galdetu dute. Zabaletxeko biribilgunea egiteko lanak egiten hasita daude, eta hango lanei ekiteko itxi dute bi lantegi horien aurreko ataria. "Biribilgune berriaren dimentsioak izugarriak dira, gehiegizkoa da egiten ari direna", diote lantegietako jabeek saihesbidearen lehen faseko planoak eskuetan. Behin saihesbideko lehen faseko lanak bukatzen dituztenean ere, kamioiekin nahikoa lan izango dutela diote Juantxo autoelektrizitatea eta Aiertza Autoak lantegietako jabeek.

Urola Kostako Hitzak Julian Eizmendi alkateari galdetu dio auzi honen inguruan. Alkatearen esanetan, "garbi dago" tailer horien ataria "Udalarena dela". "Joan den astelehen goizean idatziz jakinarazi zitzaien lantegi jabeei atarian lanak hasiko zirela eta handik autoak kendu egin beharko zituztela. Baina ez zuten autorik kendu, eta lanak hasteko itxi egin zen", azaldu du alkateak. Gauez kentzearen inguruan ere hitz egin du Eizmendik: "Zer nahi zuten goizean joan tokia ixtera eta espektakulua muntatzea?".

Iazko uztailean hasi zituzten Azpeitiko saihesbidearen lehenengo zatia egiteko lanak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide