Azpeititik, Libe Iurrebasori: mila esker

Leire Ibarguren eta Edurne Aranbarri ('Berria' egunkarian) 2010ko mai. 19a, 10:05

Legegintzaldi honen hasieran, Azpeitiko Udalean Parekidetasun arloa sortu eta emakume eta gizonen arteko berdintasuna bermatzeko lanean hasi ginen. Ikastetxeetan eta kalean emandako formazio saioen bidez, Hezkidetza lantzeko proiektu bat atera nahi genuen aurrera. Zu eta zure lankidea aurkeztu zineten lehiaketara, eta zuentzat izan zen proiektua garatzeko ardura. Sexualitatearen eta hezkidetzaren inguruan ematen zenituen saioak lehendik ere ezagutzen genituen. Estereotipoak hautsi eta barneratua ditugun hainbat mito iraultzeko hausnarketa benetan interesgarriak egiten zenituen. Pertsona gisa, patxada transmititzen zenuen, eta, aditu gisa, berriz, barneratua ditugun aurreiritziak agerian utzi eta gure kontzientzietan galderak sortzen ezin hobea zinen. Ziurtasun osoa genuen Azpeitian ere zer irakatsia bazenuela, eta zugandik asko ikasi dugun sentsazioarekin gaude.

Duela gutxi jaso genuen zure heriotzaren berri. Sinetsi ezinik eta penaz gelditu ginen. Azkenean zugandik ikasitako guztia eskertzeko aukerarik gabe gelditu garela sentitzen dugu, eta pertsona gisa zuganako estimazioa zeuri adierazi ezinik.

Ziur gaude, Azpeitian ere zure saioak jaso dituztenek asko ikasi dutela zugandik, zuk egindako lanak gure herria justuagoa izaten lagunduko duela eta emakume eta gizonen arteko harremanak parekideagoak izateko borroka honetan ekarpen garrantzitsua egin duzula.

Eskerrik asko, Libe, zugandik ikasitako guztiagatik eta gure herrian, Azpeitian, egin duzun lanagatik. Zuk egindako lanak bere fruituak emango ditu. Musu handi bat, eta milesker.

Leire Ibarguren eta Edurne Aranbarri

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide