Larunbaterako antolatu dute Elkartasun Eguna

Urola Kostako Hitza, uztarria.com 2010ko mai. 19a, 12:05

Elkartasun Eguneko ekitaldietan parte hartzeko deia egin dute. (Hitza)

Egun guztirako antolatutako askotariko ekimenen baitan presoek bizi duten "egoera larria" salatuko dute

Krosa, herri bazkaria, sokamuturra, haurrentzako gunea, manifestazioa, kontzertuak... antolatu dituzte

Aurten ere ez du hutsik egingo presoen, iheslarien eta deportatuen aldeko Elkartasun Egunak. Aurtengoa, Azpeitian egiten den X. Elkartasun Eguna izango da, eta larunbat honetan, maiatzaren 22an, egingo da.

Azpeitiko Amnistiaren Aldeko Mugimenduak (AAM) adierazi duenez, "hainbat maila eta modutan euskal preso eta iheslari politikoekiko elkartasun olatua elikatzen dugunak asko garela ospatu nahi dugu Elkartasun Egunean". Baina salaketa eta aldarrikapenez ere josiko dute eguna: "Tamalez, euskal presoen egoera oraindik oso larria da. Espainian eta Frantzian sakabanatuta dauden presoen baldintzak muturrera iritsi dira".

Hala, larunbatean egingo dituzten ekitaldien baitan herriko presoek eta iheslariek bizi duten egoera salatuko du Amnistiaren Aldeko Mugimenduak. "Esaterako, ezarritako espetxe zigorra beteta duten presoek bahituta jarraitzen dute, eta hoien artean dago Juan Karlos Arruti Paterra herritarra. Gaixotasun larriak eta sendaezinak dituzten presoak hil arte zigortu nahi dituzte espetxean mantenduz", salatu dute.

Bestalde, presoen senideei ere elkartasuna adieraziko diete larunbatean. "Kartzelan daudenez aparte, haien senideak ere zigortu egin nahi dituzte eta bisita labur bat egiteko ehunka kilometro egitera behartzen dituzte. Horretaz gain, azken hilabeteetan hainbat aurrez aurreko bertan behera utziarazi dizkiete senideei, jarritako oztopo eta zigorren bidez".

Elkartasun Eguneko ekitaldiak antolatzen jardun du AAMk, eta azaldu duenez, espetxeetan eta herbestean daudenek, "babesa, maitasuna eta elkartasuna beharrezkoak dituzte indarrarekin aurrera jarraitzeko". Elkartasun Egunak "egunerokoaren ispilu" izan behar duela diote: "Egunero da elkartasunerako eguna".

Krosarekin hasi eta goizaldera arte hainbat ekimen antolatu dituzte larunbaterako. Hala, bertan parte hartzera gonbidatu dituzte herritarrak: "Bakoitzak gustuko duen ekimenean parte hartuz, elkartasun olatua indartzera animatu nahi ditugu herritarrak".

Elkartasun eguneko egitaraua

  • 11:00. Krosa, herriko plazatik irtenda. Sei kilometroko ibilbidea. Izena emateko aurrez 8 euro ordaindu behar dira, eta egunean bertan 10 euro. Aurrez honako tokietan eman daiteke izena: Azpeitian, igerilekuan, Orkatzen, Aradin eta Txarrantxan. Azkoitian, Zakelan eta Zestoan, Koioten. Lasterketan parte hartzen dutenen artean opariak zozkatuko dituzte, eta guztientzako hamaiketakoa izango da.
  • 12:30. Herri kirol apustua.
  • 14:30. Herri bazkaria.
  • 16:00. Haurrentzako gunea prestatuko dute.
  • 16:30. Sokamuturra.
  • 17:00. Txan magoa.
  • 18:30. Manifestazioa.
  • 19:30. Batukada.
  • 23:00. Orreaga 778 eta Bizardunak taldeen kontzertua.

Azpeitiko presoak, deportatuak eta iheslaria

Presoak
- Juan Karlos Arruti. (Paterra) Paterra) Cordobako (Espainia) kartzelan daukate preso, Azpeititik 780 kilometrora. 1989ko irailean atxilotu zuten.
- Gotzon Aranburu. Villenan (Herrialde Katalanak) preso, 760 kilometrora. 2002ko abenduan atxilotu zuten.
- Xabier Etxeberria. (Txapi). 2003ko urtarrilean atxilotu zuten, eta 2009ko maiatzean Espainiaratu egin zuten. Soto del Realean (Espainia) dago preso, 420 kilometrora
- Jabi Agirre. 2003ko urtarrilean atxilotu zuten Frantzian, eta 2008ko abenduaren hasieran Espainiaratu egin zuten. OcaƱa I-ean (Espainia) dago preso, 374 kilometrora.
- Joseba Segurola. Osnyn (Frantzia) preso, 880 kilometrora. 2005eko martxoan atxilotu zuten.
- Iker Iparragirre. Bois D'Arcyn (Frantzia) preso, 910 kilometrora. 2007ko uztailean atxilotu zuten.

Deportatuak
- Inaki Etxarte. Kuban deportatuta.
- Maria Angeles Artola. Venezuelan deportatuta.

Iheslaria
- Juan Manuel Bereziartua. (Pakea)

Askatasunaren weba: www.askatu.org

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide