Aldapan gora jarri zaio Lan Mobel Iraurgiri Zilarrezko LEB Ligara igotzeko aukera. Gaur, 60-66 galdu dute Gandiaren kontra Azpeitian, azken kanporaketaren joaneko partida.
Neurketa ondo hasi da etxekoentzat. Lehen laurdenean nagusi izan dira eta hamar puntuko aldea jarri dute markagailuan (22-12). Bigarren laurdenean, ordea, oso bestelakoak izan dira gauzak. Gero gauzak nola izan diren ikusita, neurketa hein handi batean hortxe erabaki dela esan daiteke. Gandiakoek erakustaldia eman dute bigarren laurden horretan hiruko marraren atzetik egindako jaurtiketetan: zazpi hiruko saskiratu dituzte. Iraurgikoak askoz pattalago ibili dira erasoan eta defentsan, berriz, ez dute asmatu valentziarren erauntsia eteten. Horrela, atsedenaldian sei puntuz aurretik ziren kanpokoak (31-37).
Aldageletatik bueltan berpiztaldi txiki bat izan dute Jon Txakartegiren mutilek. Hirugarren laurdena bukatzeko 1:08 falta zela aurretik jartzea ere lortu dute (50-48), baina azkenaurreko zati hori ere Gandiakoen alde bukatu da (50-53). Hirugarren laurdeneko esnatzeak laugarrenean jarraipena izateko itxaropenarekin ekin diote Iraurgikoek azken txanpari, baina ez da horrelakorik gertatu. Azken laurden horren lehen zatira arte oso oker ibili dira bi taldeak erasoan. Etxekoak, presaka, ezin asmatuta ibili dira gerora ere; Gandiakoak, berriz, aldeko emaitza potoltzen joan dira, eta azkenean sei puntuko errenta eskuratu dute.
Datorren astebukaeran, Gandian, erabakiko da kanporaketa eta Zilarrezko LEB Ligarako txartela norentzat izango den. Erronka zaila du Lan Mobel Iraurgik, zazpi puntuko aldea behar du alde, baina dena ez dago galduta.