Boliviako kirol planaren arduradun izateko eskaintza jaso du Azkargortak

Uztarria.eus 2010ko eka. 1a, 21:06

Evo Morales presidenteak egin dio eskaera, eta azpeitiarrak proposamena osatuko du

Azkargorta 1992-1994an Boliviako futbol hautatzailea izan zen

Evo Morales Boliviako Gobernuko presidenteak herrialdeko kirol plana egiteko eta horren ardura hartzeko eskatu dio Xabier Azkargorta (Azpeitia, 1953), honek jakinarazi duenez. Azkargorta duela zenbait aste Bolivian izan zen, eta Moralesek deitu egin zion, esanez berekin egon nahi zuela. Agenda arazoak medio, azkenean Madrilen bildu ziren, hotel batean.

Hain zuzen, azpeitiarra 1992-1994 artean Boliviako futbol selekzioko hautatzailea izan zen —AEBetako Mundialera sailkatu zuen—, eta Moralesek adierazi dio gogo handiz hartuko lukeela atzera berriz herrialdean. "Eskaintza aztertuko nuela esan nion eta proposamena egingo diodala. Onartzen badu, joango naiz".

Azkargorta medikua da ikasketaz, eta Azpeitiko Ikastolan irakasle aritu izan zen, soinketa emanez. Hala ere, aspalditik futbola du ogibide. Hurrenez hurren, Lagun Onak, Aurrera Ondarroa, Tarragona, Espanyol, Valladolid, Sevilla, Tenerife, Bolivia, Txile, Yokohama Marinos eta Chivas taldeak entrenatu ditu. Real Madrilen nazioarteko eskolaren zuzendari izan zen, Pekingo Guoan klubeko kirol eta azpiegitura arloak antolatzen ere aritu zen eta Valentziaren kirol zuzendari.

Orain dela hiru urte Bolivian izan zenean, "harrituta" geratu zen egin zioten harrerarekin. "Maitasuna sentitzen dut uneoro, egoera bakoitzean eta segundo bakoitzean. 1994an artean jaio gabe zeuden umeek garai hartako kontuez galdetzen didate, euren gurasoek gauzak kontatu dizkietelako".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide