Amona mantangorri izango da Sanjuandegiko festetako irudia

Urola Kostako Hitza 2010ko eka. 2a, 12:06

Sanjuandegiko Festa Batzordekoak aurtengo jaiak aurkezten.

Otsailetik auzoko jaiak antolatzeko lanean ari dira Sanjuandegiko Festa Batzordea osatzen duten 30 lagunak

Egitarau zabala antolatu dute: kontzertuak, auzo bazkaria, gazte afaria, bertso saioa...

Amona mantangorriren etorrerarekin festetan buru-belarri murgilduko dira Sanjuandegin, etzi. "Amona mantangorri izango da aurtengo festetako irudia. Kondairak dioenez, amona mantangorri eguraldi iragarlea da, eta aldatu ere egin dezake. Hortik dator, hatzamar puntan jarri eta kantuan hurrengo galdera luzatzeko ohitura: Amona mantangorri zeruan zer berri?", azaldu dute Sanjuandegiko Festa Batzordekoek. Baina, amona mantangorri etorri aurretik ere, gaurko eta biharko, kontzertua eta mus txapelketa antolatu dituzte Sanjuandegin.

Aurtengo festak, "haize freskoarekin" datozela iragarri dute. Otsailean hasi ziren festak antolatzeko lanean. "Auzolanean antolatu eta antolatuko ditugu zeregin guztiak", nabarmendu dute. Eta bide batez, auzotarren parte-hartzea urterik urte gehitzen ari dela adierazi dute: "30 auzotar baino gehiago ari gara festak prestatzen eta 60k baino gehiagok jardungo dugu festetan lanean. Hala ere, auzotar guztiak gonbidatu nahi ditugu era aktiboan parte hartzera". Festak antolatzeko auzoko merkatarien eta tabernarien laguntza ere eskertu dute.

Aurtengo jaietarako erronka handiena azpiegiturak indartzea izan da. Hala, ekitaldietarako eskenatokia eta Festa Batzordearen txosna jarriko dituzte. Horiez gainera, Xanjuandegi Auzolanean auzo eragileak asteburuan Bodega zaharra irekiko du, taberna bertan jarriz. "Han bilduko dugun dirua urtean zeharreko dinamikari erantzuteko erabiliko dugu", esan dute. Azpeitiko waterpolo taldeak ere txosna jarriko du lehen aldiz, aurrekontuari aurre egiteko. Egitarau zabala osatzea ere izan dute helburua eta berrikuntzak ere sartu dituzte; gazte afaria, esaterako.

Egitaraua

Ekainak 2, gaur

  • 21:30.Rocha's taberna atarian, kontzertua, Euskal Rocka Berrikusten.

Ekainak 3, bihar

  • 21:00.Ongi Etorri erretegian, Mus Txapelketa. Izena emateko bikoteko 30 euro. Sariak: lehen saria, 500 euro, txapelak eta garaikurrak; bigarrena, 380 euro eta garaikurrak; hirugarrena, 260 euro; eta, laugarrena, 140 euro.

Ekainak 4, ostirala: Gazte Eguna

  • 18:30.Auzoko lokalaren irekiera eta luntxa.
  • 20:00.Amona Mantangorriren jaitsiera.
  • 20:05.Erraldoi eta buruhandiak Juan Antxieta musika eskolako ikasleekin.
  • 21:00.Gazte afaria. Ondoren, kontzertuak: Egurra ta kitto! , 'Friday's Crew' eta Bilbomatix.
  • Goizaldean,baratxuri zopa-jana.

Ekainak 5, larunbata: Auzo Eguna

  • 10:00. Igerilekuan, Kimurakoen judo erakustaldia.
  • 12:00.Jose Antonio Agirre plazan, haurrentzako jolasak.
  • 13:00. Sanjuandegiko I. Waterpolo Sariketa.
  • 14:30.Auzotarren bazkaria.
  • 17:00.Auzoarteko herri kirolak.
  • Gero,bertso saioa. Bertsolariak: Iker Zubeldia, Jexux Mari Irazu, BeƱat Lizaso eta Josu Oiartzabal Xenpelar.
  • 17:30.Ludotekan, Azkaiter Peloxekin ipuin musikatuak.
  • 18:00.Txokolate-jana.
  • 19:00.Erraldoi eta buruhandiak Juan Antxieta musika eskolako ikasleekin.
  • 19:30.Arantzetan Rock Akustikoa. Ehunzango batukada taldearen kalejira.
  • 23:00.Aretoko dantzen emanaldia, Jose Mari Orbegozorekin.
  • Gero,Direccion Obligatoria taldearen kontzertua.

Ekainak 6, igandea

  • 06:00.Txokolate-jana.
  • 07:00.Sokamuturra.
  • 09:00.Salda.
  • 09:30.Goiz eresia Izarraitz txistulari taldearekin.
  • 11:00.Herriko Musika Bandaren kalejira.
  • 12:00.Dantzari txikiak.
  • 16:30.Haurrentzako poniak eta zezen txikiak.
  • 18:30.Herri kirolak.
  • 20:00.Kapoeira erakustaldia.
  • 21:00.Amona Mantangorriren igoera, festei bukaera emanez.

Ekainak 13, igandea

  • 11:00.Sanjuandegiko Eskolarteko III. Krosa.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide