Bertanek antolatutako 'Prezio zehatza' ekimenak badu irabazlea

Uztarria.eus 2010ko eka. 2a, 14:06

Aitziber Zubizarreta Babesa arropa dendan jaso zuen sariarekin.

Aitziber Zubizarretak irabazi du lehiaketa, prezio zehatzera gehien gerturatu dena izan delako

Bestalde, larunbatean egin zen Bertan Egunaren balorazio "ona" egin dute Bertan Merkatari Elkartekoek

Duela hilabete pare bat Azpeitiko Bertan Merkatari Elkarteak Prezio zehatza lehiaketa jarri zuen abian. Elkartean dauden dendetan erosketak eginez gero, lehiaketan parte hartzeko aukera zuten bezeroek. Caja Ruraleko erakusleihoan zegoen otarraren balio zehatza ematea zen lehiaketaren funtsa.

Prezio zehatza 841,70 eurokoa zen, eta gehien hurbildu den bezeroa Aitziber Zubizarreta izan da, otarra 840,67 eurotan baloratu baitzuen Babesa arropa dendan.

Bertan Eguna

Larunbatean ospatu zuten Bertan Egunaren balorazioa egin dute Bertan Merkatari Elkarteko dendariek. Hauen ustez, "ekimen ona izan zen larunbatekoa, baina lehen aldia duten gauza guztiek bezalaxe, datorren urtera begira, hobetu daitezken gauzak kontuan hartu ditugu". Gainera, Bertan Merkatari Elkartekoen esanetan, "azpeitiarrek gustura egon beharko lukete herrian dugun denda aukera anitz eta zabalarekin".

Elkartekoek jakinarazi dutenez, herritarrek ere "erantzun ona" eman zuten larunbatean: "Azpeitiko plazara gerturatu zirenek gogotik gozatu zuten antolatuta zeuden ekimenekin eta horrelako gehiago antolatzeko eskaerak jaso ditugu".

Larunbatean erosketak egin zituzten herritarren artean, nekazal turismo batean asteburu pasa bat zozkatu zuten. Irabazlea, Inge Aranguren izan da eta, beraz, Urdaibain dagoen Merrutxu nekazal turismoan asteburua pasatzeko aukera izango du.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide