Gero eta gertuago daude Sanjuandegiko festak

Uztarria.eus 2010ko eka. 3a, 13:06

Bazkari eta afarirako txartelak salgai daude hainbat tabernetan

Waterpoloko I. Sariketa bertan behera gelditu da, azken orduko arazoak direla-eta

Aste honetarako, hainbat ekimen antolatu dute Sanjuandegiko festen baitan. Antolatzaileek orain arteko ekimenen balorazio positiboa egin dute: "Txiste kontalariak ikusten jende mordoa bildu zen, jendeak kanpotik entzun behar izan zituen txisteak. Atzo, berriz, Euskal Rocka berrikusten kontzertua izan zen Rocha's tabernan, eta han ere jende ugari izan zen". Gaur Mus Txapelketa izango da Ongi Etorri Erretegian, 21:00etan hasita. Gainera, gaur, barraka eguna denez, arratsaldean, gutxiago ordainduta tiobiboetan ibiltzeko aukera izango da.

Festak bihar hasiko dira Sanjuandegin, Gazte Egunarekin. Amona mantangorria izango da aurtengo festetako irudia, eta bere etorrerarekin hasiko dira festak. Gero, afaria eta kontzertuak izango dira. Azken momentuan gainera beste ekimen bat gehitu dute egitaraura: Jam Sesion jaialdia izango da Garoa tabernan, 23:30etik aurrera.

Larunbatean Auzo Eguna ospatuko dute. Egitarau zabala antolatu dute larunbaterako. Herri kirolak egingo dituzte eguerdian; Elkartasun Eguneko herri kirol lehiako irabazleak Sanjuandegiko taldearen aurka ariko dira. Bazkaria izango da ondoren, eta bertso-saioa eta kontzertuak jarraian.

Waterpoloko I. Sariketa ere egitekoak ziren, baina azken orduko arazoak tarteko ez da jokatuko, baina hurrengo batean "egin egingo" dela jakinarazi dute antolatzaileek.

Igandean ere festez gozatzeko aukera izango da auzoan, eta iluntzean, 21:00etan, festei amaiera emango diete amona mantangorriaren igoerarekin.

Bi abesti

Aurtengo festek bi abesti izango dituzte. Sanjuandegiko Festa Batzordeak asmatu ditu biak, eta abesti ezagunen bertsioak dira.

Bazkari eta afarirako txartelak

Ostiraleko afarirako eta larunbateko bazkarirako txartelak salgai daude Rocha's, Niza, Jim Clark, Ongi Etorri, Bodegan eta Orkatzen. Ikasle eta langabetuek, 8 euro ordaindu beharko dituzte, eta langileek 12 euro. Bi otorduetara joan nahi duten ikasle eta langabetuek 14 euro, langileek, aldiz, 20 euro.

Egitaraua

Ekainak 3, gaur.

21:00. Ongi Etorri erretegian, Mus Txapelketa. Izena emateko bikoteko 30 euro. Sariak: lehen saria, 500 euro, txapelak eta garaikurrak; bigarrena, 380 euro eta garaikurrak; hirugarrena, 260 euro; eta, laugarrena, 140 euro.

Ekainak 4, ostirala: Gazte Eguna

18:30. Auzoko lokalaren irekiera eta luntxa.

20:00. Amona Mantangorriren jaitsiera.

20:05. Erraldoi eta buruhandiak Juan Antxieta musika eskolako ikasleekin.

21:00. Gazte afaria. Ondoren, kontzertuak: Egurra ta kitto! , 'Friday's Crew' eta Bilbomatix.

Goizaldean,baratxuri zopa-jana.

Ekainak 5, larunbata: Auzo Eguna

10:00. Igerilekuan, Kimurakoen judo erakustaldia.

12:00. Jose Antonio Agirre plazan, haurrentzako jolasak.

14:30. Auzotarren bazkaria.

17:00. Auzoarteko herri kirolak.

Gero, bertso saioa. Bertsolariak: Iker Zubeldia, Jexux Mari Irazu, BeƱat Lizaso eta Josu Oiartzabal Xenpelar.

17:30. Ludotekan, Azkaiter Peloxekin ipuin musikatuak.

18:00.Txokolate-jana.

19:00. Erraldoi eta buruhandiak Juan Antxieta musika eskolako ikasleekin.

19:30. Arantzetan Rock Akustikoa. Ehunzango batukada taldearen kalejira.

23:00. Aretoko dantzen emanaldia, Jose Mari Orbegozorekin.

Gero, Direccion Obligatoria taldearen kontzertua.

Ekainak 6, igandea

06:00.Txokolate-jana.

07:00.Sokamuturra.

09:00.Salda.

09:30.Goiz eresia Izarraitz txistulari taldearekin.

11:00. Herriko Musika Bandaren kalejira.

12:00. Dantzari txikiak.

16:30. Haurrentzako poniak eta zezen txikiak.

18:30. Herri kirolak.

20:00. Kapoeira erakustaldia.

21:00. Amona Mantangorriren igoera, festei bukaera emanez.

Ekainak 13, igandea

11:00. Sanjuandegiko Eskolarteko III. Krosa.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide