Urrezko Aizkolarien Banakako Txapelketako finala jokatuko da bihar

Uztarria.eus 2010ko eka. 4a, 12:06

Bihar, larunbata, Betharrametako pilotalekuan izango da, 22:30etatik aurrera

Gainera, gaur (ostirala), erremonteko finalerdiak jokatuko dituzte, 18:30ean hasita

Bihar, larunbata, Urrezko Aizkolarien Banakako Txapelketako finala jokatuko dute Betharrametako pilotalekuan, 22:30etatik aurrera. XIII. edizioa da aurtengoa, eta Floren Nazabal eta Anjel Arrospide ariko dira nor baino nor.

Iaz ere biek jokatu zuten Urrezko Aizkolarien Banakako Txapelketako finala eta Floren Nazabal etxarriarra nagusitu zen, orduan.

Bost proba egingo dituzte biharko lehian: lehenengo, ahalik eta aizkorakada gutxienetan ebaki beharko dute 45 ontzako enborra. Segidan, erlojuz kontra 45 ontzako enborra moztu beharko dute. Behin hau amaituta, bi kanaerdiko ebaki beharko dituzte; horizontal bat eta bertikal bat. Jarraian, 60 ontzako enbor horizontala ebaki beharko dute, eta gero, 60 ontzako enbor bertikala. Txapelketa amaitu aurretik, lau kanaerdiko eta 60 ontzako beste bi enbor moztu beharko dituzte.

23 urtez azpikoak eta jubenilak

Jubenil mailan, Eneko Saralegi leitzarra eta Eloy Corchero araiarra lehiatuko dira, bihar. 23 urtez azpikoetan, berriz, Ugaitz Mugerza mutrikuarra eta Berako Oihan Larretxea ariko dira aizkoran.

Erremonteko finalerdiak

Azpeitiko XI. Erremonte Txapelketako finalerdiak jokatuko dira gaur, ostirala, 18:30ean hasita, Izarraitz pilotalekuan.

Lehen finalerdia, Etxabe II.-ak eta Aizpurua II.-ak Etxeberria IV.-a eta Barrenetxea IV.-aren kontra jokatuko dute. Bigarrengoan, Matxin VI.-a eta Agirrezabala Matxin IV.-a eta Zubizarretaren kontra ariko dira. Sarrera bost euro ordaindu beharko dira.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide