Aho batez onartu dute 2010eko udal aurrekontua

uztarria.com, Urola Kostako Hitza 2010ko eka. 4a, 20:06

Udalaren aurrekontu propioa 19.997.682,61 eurokoa izango da

Alkatea eta beste kargu bat liberatzea ere onartu zuten atzoko udalbatzarrean

Ekainean onartu du Azpeitiko Udalak aurtengo -2010eko- aurrekontua. Iaz ere garai berean onartu zuen. Joan den urtean ez bezala, ordea, aho batez onartu dute aurtengoa -atzo gauean-; hau da, EAJk, ezker abertzaleak, EAk eta Aralarrek. 2009an azken hiruren botoekin jo zuten ontzat. Udal gobernuan EAJ dago.

Udalaren aurrekontu propioa 19.997.826,61 eurokoa izango da. Iaz garai honetan onartu ziren kontuekin alderatuz gero, hasierako aurrekontu harekiko igoera %8,36koa da; 2009ko bukaerako aurrekontua kontuan hartuz gero, ordea, jaitsiera %3,26koa da. Julian Eizmendi alkatearen hitzetan, "doikuntza gogorra iazko urtean" egin zuen Udalak kontuetan: 2009ko aurrekontuek %9,36ko jaitsiera izan zuten 2008ko hasierako aurrekontuekin alderatuta, eta bukaerakoekin alderatuta, berriz, jaitsiera askoz nabarmenagoa izan zen: %18,76a.

Eizmendik azaldu duenez, "saiakera egin da gastuak kontrolatzen, ezinbestekoa baita bizi dugun koiunturan aurrezki garbia mantentzeko eta inbertsioak egiten jarraitzeko". 2010erako aurrikusitakoan, aurrezkiarekin eta diru laguntzekin "inbertsioetan gora" egiten dela esan du alkateak, eta mailegu berririk ez dutela aurrikusten. Gizartekintza alorrean, ia gastu guztiak mantendu edo igo egin dituztela nabarmendu du alkateak.

Udalaren aurrekontu propioarekin batera, Euskara Patronatuarena (646.746,49 euro), Kirol Patronatuarena (990.921,42 euro) eta Azpeitia Lantzen SArena (6.566.056 euro) ere onartu zituzten atzoko udalbatzarrean. Guztien baturak ematen du 2010eko udal aurrekontu propioa: 27.330.682,61 euro. Euskara Patronatuaren aurrekontua %7,86 murriztu dute, eta Kirol Patronatuarena %1,68 igo.

Oposizioa ekarpenekin bat

Iñaki Errazkin hautetsi independentistak nabarmendu duenez, aurten ere oposizioko alderdiak (hautetsi independentistak, EA eta Aralar) Udal aurrekontuen inguruko oinarriari egin beharreko ekarpenak adosteko gai izan dira. "Horiek adostu eta aurrekontuetan txertatu ditugu", esan du.

EAko Manuel Unanuek Udal aurrekontuak aho batez onartu izana nabarmendu du. "Aho batez onartu ditugu, eta gero Udaletik kanpo blokeoaz hitz egiten da. Non dago blokeo hori?", galdetu du. Aralarreko Juan Karlos Arellanoren esanetan, "aurtengoak pazientzia handiko Udal aurrekontuak izan dira".

Bi liberatu

Oposizioak (hautetsi independentistak, EA eta Aralar) proposatuta Udal Gobernuak bi liberatu izatea onartu du Udalbatzak. Baina soldatekin ados ez eta oposizioa abstenitu egin zen gai horri dagokionean. Hala ere, onartu egin zen EAJkoen aldeko botoekin.

Hala, Julian Eizmendi alkatea (EAJ) eta Iñaki Etxezarreta (EAJ) Zerbitzu Orokorretako eta Baserrietako zinegotzia izango dira Udaleko bi liberatuak. Alkateak 65.873, 22 euroko urteko ordainsari gordina izango du, eta hilero 3.235,20 euroko ordainsaria jasoko du. Etxezarretak, berriz, 38.762,50 euroko urteko ordainsaria izango du, eta hilekoa 2.093 eurokoa. Ordainsaria erabakitzeko irizpidea aurreko lantokikoa izatea izan dela, eta Eudelen irizpideen azpitik jasoko dutela esan du Eizmendik.

2010eko udal aurrekontua

AURREKONTU OROKORRA ETA ENTITATE BAKOITZARENA
Aurrekontu orokorra27.330.683
Udala19.997.827
Euskara Patronatua646.746
Kirol Patronatua990.921
Azpeitia Lantzen SA6.566.056

UDALEKO SAILEN AURREKONTUA
Ogasuna eta kontuak1.536.954
Hirigintza eta ingurumena3.951.300
Hezkuntza eta Gazteria707.595
Kultura eta Euskara965.696
Kirolak732.621
Gizartekintza1.013.264
Langileria eta antolakuntza5.725.202
Festak581.360
Zerbitzu Orokorrak eta baserriak4.197.552
Alkatetza306.000
Industria, Merkataritza eta Turismoa172.781
Parekidetasuna107.500




  • 2010eko inbertsioak. Aurten Udalak 9.338.110 euroko inbertsioa egingo du.
  • Aurrekontuan sartutako ekarpenak.
    • Nazio eraikuntzarako, 55.000 euro.
    • Parekidetasuneko hainbat gastutarako, 15.000 euro.
    • Sanjuandegin auzo lokala alokatzeko, 6.000 euro.
    • Tabernetan zarata neurgailuak jartzeko laguntzetarako, 20.000 euro.
    • Goi karguen soldata eta gastu sozialetarako, 100.000 euro.
  • Aurrekontuan aurreikusitako inbertsioak.
    • Sanjuandegin hirigintza lanak egiteko, 175.000 euro.
    • Bidegorria egiteko, 300.000 euro.
    • Beste urbanizazio batzuk (Azillerri, Soreasu...), 345.000 euro.
    • Udal eraikinetan lanak egiteko, 200.000 euro.
    • Oktogonoan igogailua jartzeko, 80.000 euro.
    • Soreasuko kulturgunerako, 1.350.000 euro.
    • Udal Liburutegia handitzeko, 156.545 euro.
    • Musika Eskolarako, 97.456 euro.
    • Obra eta zerbitzuetarako ibilgailuak erosteko, 110.000 euro.
    • Baserri bideetarako, 190.000 euro.
  • Gerakinekin eta diru laguntzen bidez finantzatzeko asmoa duten egitasmoak.
    • Betharrametan, 250.000 euro.
    • Udal Liburutegian, aurrekoaz gain 118.000 euro gehiago.
    • Nuarben frontoia egiteko, 175.000 euro.
    • Ur hornidura sarerako, 100.000 euro.
    • Berdelariko (Perdillegiko) pilotalekua estaltzeko, 156.000 euro.
    • Udalak lokala erosteko, 300.000 euro.
    • Enparangai eta Loiola (Xanadu aurrean) oinezkoentzako egokitzeko, 191.000 eta 241.000 euro.
  • Diru laguntzarik egonez gero aztertzeko gelditu diren hainbat inbertsio.
    • Done Jakue kalean hiritartzeko lanak, 590.000 euro.
    • Igerilekuan berritze lanak, 860.000 euro.
    • Goenan kamioientzako eta karabanentzako aparkalekuak egitea, 400.000 euro.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide