Herriartekoaren finala jokatuko du Azpeitiak ekainaren 13an, Hernaniren kontra

Uztarria.eus 2010ko eka. 5a, 13:06

Donostiari 2-1 irabazi zion atzo gauean Frontoi Txikin finalaurrekoaren itzulikoan, joanekoan han lortutako emaitza berberarekin

Finalerako sarrerak astelehenetik aurrera jarriko ditu salgai Ilunpek Frontoi Txikin

Azpeitiak 2010eko Gipuzkoako Herriarteko Pilota Txapelketaren finala jokatuko du datorren asteko igandean, ekainaren 13an. Donostiako Atano III.a frontoian jokatuko dute eta Hernani izango dute aurkari; Hernanikoek Oiartzun kanporatu dute finalaurrekoan.

Atzo, ostirala, lortu zuen finalerako txartela Azpeitiak. Donostiari 2-1 irabazi zion atzo Frontoi Txikin finalaurrekoaren itzulikoan, joanekoan han lortutako emaitza berberarekin. Atzokoan, Ilunpeko kadeteek 4-22 galdu zuten, jubenilek 22-11 irabazi eta seniorrek, berriz, 22-5 gainditu zuten Donostiako bikotea.

Sarrerak eta autobuserako izen-ematea

Finalerako sarrerak astelehenetik aurrera jarriko ditu salgai Ilunpek Frontoi Txikin. Ekainaren 13an Atano III.ean egon nahi dutenek, 18:30ak eta 20:00ak bitartean erosi ahal izango dituzte txartelak. Prezioak ere aurreratu dituzte Ilunpeko arduradunek: kantxako sarrerak 12 euroan salduko dituzte, eta 6 euroren truke frontoiaren goiko solairuetakoak.

Ekainaren 13an Donostiara joateko autobusak jarri nahi dituzte. Horrela, sarrera erosterakoan izena eman dezakete pilotazaleek, autobusak osatzen joateko.

Seigarren finala eta hirugarren txapelaren bila

2010ekoa Azpeitiak Gipuzkoako Herriartekoan jokatuko duen seigarren finala izango da; final guztiak hamabost urteren tartean jokatu ditu Azpeitiak.

Azkena 2008an jokatu zuen eta orduan bigarren aldiz txapela lortu zuen, Donostia gaindituta. Aurreneko txapela 2004an irabazi zuten Ilunpekoek, eta aurten izango duten kontrario berdinari irabazita, Hernaniri. 1995ean eta 1996an Azkoitiaren kontra jokatu eta galdu zituen aurreneko bi finalak. 2007an ere finalera iritsi eta galdu egin zuten azpeitiarrek, Arrasateren kontra.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide