Salgai jarri dituzte Macacoren kontzerturako sarrerak

Urola Kostako Hitza 2010ko eka. 7a, 12:06

Get In-eko ordezkari Andoni Arzallus, Lagun Onakeko presidente Joxe Mari Larrañaga, Azpeitiko alkate Julian Eizmendi eta Grises taldeko abeslari Amancay Gaztañaga, joan den ostiralean, Garmendipen egindako aurkezpenean. (Nerea Ura

Uztailaren 10ean Garmendipen izango da, Lagun Onaken aldeko kontzertua

Grises taldea izango da teloneroa

Uztailaren 10ean Garmendiko Futbol zelaian egingo den kontzertu erraldoia aurkeztu zuten atzo Lagun Onak Futbol Klubekoek. Macacorekin batera Grises talde zestoarrak ere joko duela jakinarazi zuten.

Diru faltak bultzatuta antolatu du Lagun Onak Futbol Klubak Macacoren kontzertua. "Diru faltan da Lagun Onak, eta dirua lortzeko zerbait ezberdina egitea otu zitzaigun. Hala kontzertua egitea erabaki genuen, azaldu du Lagun Onakeko lehendakari Joxe Mari Larrañagak. Julian Eizmendi Azpeitiko alkateak, bere aldetik, klubak herrian egiten duen lan "ona" nabarmendu du. Eta herritarrak kontzertura joanez Lagun Onaki laguntzera animatu ditu; eta, baita, kontzertuan disfrutatzeko ere.

Macacoren kontzertua 22:00ak inguruan hasiko da baina egun osoko festa izatea nahi dute antolatzaileek, eta egitarau zabala prestatu dute. 21:00etarako musikak hartuko du Garmendiko futbol zelaia. Ordu horretan ekingo diote Grises taldeko kideek beren kontzertuari. Grises taldeak indi-poprock musika egiten dute eta azken urteetan Euskal Herrian eta hemendik kanpo kontzertu dezente eman dituzte. Grises taldearentzat "aukera oso ona" dela aitortu du Amancay Gaztañaga taldekideak, eta etxetik gertu horrelako kontzertuak izatea "zaila" izaten dela azaldu du.

Datuak

  • Eguna. Uztailak 10, larunbata.
  • Tokia. Garmendipe futbol zelaian. 4.496 lagunentzako tokia izango da.
  • Antolatzailea. Lagun Onak Futbol Kluba.
  • Egitaraua. Egunean zehar, Tren Museoaren Jai Eguna. Futbol zelaiaren inguruan umeek jolas egin dezaten puzgarriak jarriko dituzte. Adin guztientzakoentzat jolasak izango dira. 17:00etatik aurrera, taberna eremua irekita egongo da. 20:15ean, ateak irekiko dituzte. 21:00etan, Grises taldearen kontzertua. Ondoren, Macaco taldearen zuzeneko emanaldia.
  • Sarrerak. 20 euro. Ticktackticket (www.ticketmaster.es) eta Gipuzkoa Donostia Kutxan (www.generaltickets.com). Garmendipen 500 sarrera salgai jarriko dituzte datorren astean. - 0 lerroa. Kontzertura joan ezin dutenentzat eta Lagun Onaki diru laguntza eman nahi diotenentzat kontu korronte hau zabaldu dute: 3035 00020 57 0200070003 (Euskadiko Kutxa).

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide