Pausoz Pausoren debekuari erantzunez, bilkura

Urola Kostako Hitza 2010ko eka. 7a, 12:06

Presoen eskubideen aldeko elkarretaratzea hilaren 12an deitu dute, 12:00etan, udaletxe aurrean

Mozioa onartu baldin bazuten ere, EAJ abstenitu egin zen

Joan den ostegunean Azpeitiko udalbatzarrean Eskubide guztien jabe, Euskal presoak Euskal Herrira! izenburua zuen mozioaz ere eztabaidatu zuten Udaleko ordezkariek. Horren bidez, Espainiako eta Frantziako estatuek zuzendutako espetxe politikaren eraginez euskal presoek "bizi duten egoera berezia eta baztertzailea" salatzeko eskatu zioten Udalbatzari. Hala, besteak beste, apirilaren 24rako antolatuta zegoen Pausoz Pauso ekimenaren debekua salatzeko eskatu zieten udalbatzarrari; eta debeku horri erantzunez ekainaren 12rako, 12:00etan, herriko plazan, Eskubide guztien jabe, euskal presoak Euskal Herrira lelo hartuta elkarretaratzea deitzeko eskatu zitzaien udal ordezkariei.

EAJ abstenitu egin da

Mozioa onartuta gelditu zen hautetsi independentisten, EAkoen eta Aralarrekoaren aldeko botoekin; EAJkoak abstenitu egin ziren. Honela argudiatu zuen Julian Eizmendi alkateak: "Era honetako mozioak eztabaidatu ditugunean eman izan ditugun arrazoi berdintsuengatik".

Hautetsi independentisten izenean IƱaki Errazkinek hitz egin zuen: "Guk mozioaren alde egingo dugu, presoek eta ingurukoek bizi duten egoera txarragatik, eta Pausoz Pausoren debekua herrian beste debeku bat gehiago izan delako. Debekuak gero eta areago doaz eta herritarrak horri buelta emateko garaia da".

Mozioa aurkeztu zutenek azaldu zutenaren arabera, Pausoz Pauso ekimenari ehunka herritarrek eta taldek eman zioten babesa, "presoen alde elkartasuna eta babesa adieraztea ez baitira delitu". Mozioa, eskualdeko udal guztietan aurkezten saiatuko direla ere azaldu dute.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide