Udal aurrekontuak berandu onartzea EAJri egotzi dio ezker abertzaleak

Urola Kostako Hitza 2010ko eka. 8a, 12:06

Aurrekontuak egin eta adosteko bidean EAJk "Udala oztopatzea egotzi" diotela salatu dute

Ezker abertzalekoek adostasunera iristeko gai izan direla nabarmendu dute

Aurtengo udal aurrekontuak Udalbatzak aho batez onartu berritan, Azpeitiko ezker abertzaleko hautetsiek aurrekontuak onartzeko prozesuaz eta oposizioak edukiez lortutako adostasunaz oharra atera du. Diotenez, aurten ere "ohikoa baino beranduago" onartu dituzte udal aurrekontuak, "baina ez da izan gure borondatez". Aurreneko zirriborroa martxoan jaso zutela diote, "hortik aurrera prozesua ez da asko luzatu, baina prozesua berandu hasteak berandu bukatzea dakar". Aurrekontuaren prozedura hasi eta aurreneko zirriborroa aurkeztea Udal Gobernuari dagokio; Azpeitiko kasuan, EAJk osatzen du.

Bestetik, Udalbatzak onartu berri dituen udal aurrekontuak, "krisiak baldintzatutakoak" direla gaineratu dute hautetsi independentistek. "Lehen, Gipuzkoako Foru Aldunditik diru gutxi zetorren udaletara, eta orain krisi garaian gutxiago dator. Gainera, makroproiektu handiek (Pasaiako superportua, AHT, erraustegia...) gipuzkoarron diruaren zati handi bat xurgatzen jarraitzen duten heinean, udalek diru eta baliabide gabeziekin jarraituko dute", kritikatu dute ezker abertzalekoek.

Adostasunera iristeko gai

Martxoan, aurrekontuak onartzeko prozesua martxan jarri orduko, ezker abertzaleak bere ekimenez aurrekontu proposamena egin zuen Udalean. "Oposizioan egoteak dituen mugen gainetik", ezker abertzalea hainbat proiektu eta proposamen egiteko eta EArekin eta Aralarrekin adostasunera iristeko gai izan dela nabarmendu dute. "Nagusiki behar sozialei, arloetako mahaien beharrei, auzoei eta nazio eraikuntzari erantzuten diete adostutako egitasmoen proposamenek", azaldu dute ezker abertzalekoek.

Baina, egitasmoak egin eta adosteko bide horretaz honakoa dio ezker abertzaleak: "EAJk egoera hori ezin ikusirik, Udala oztopatzea egotzi digu hamaika aldiz", esan dute. "EAJri jasanezina egiten zaio ezker abertzaleak iniziatiba hartu, herriko beharrak jaso eta hainbat proiektu ahalbidetzea. Jasaezina egiten zaie, herrian sortu dituzten arazo juridikoen aurrean ezker abertzaleak ardura politikoz soluzioak martxan jartzea. Horrela, beraien eramanezinak eta gabeziak, Udaleko martxa oztopatu eta horrelako akusazio faltsuekin estali nahi dituzte", salatu dute ezker abertzalekoak. Hala ere, "liskar eta hika-mika antzuetan" murgiltzeko asmorik ez dutela eta "Azpeitia berriaren eraikuntzan" lanean segituko dutela gaineratu dute.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide