"Oinarri sendoa" jarrita bukatu dituzte Sanjuadegiko festak

Urola Kostako Hitza 2010ko eka. 9a, 12:06

Joan den larunbatean herri kirol lehian Sanjuandegikoek irabazi zuten.

Festa Batzordeak esan duenez, "hurrengo urteetarako oinarri sendoa jarrita bukatu dira festak"

Amona mantangorriren irudiak jendearen artean izan duen harrera "ikusgarria" izan dela esan dute

Amona Mantangorriren igoerarekin bukatu zituzten igandean Sanjuandegiko festak. Festa Batzordeak esan duenez, «hurrengo urteetarako oinarri sendoa jarrita bukatu dira festak, eta joan den ostiralean Sanjuandegin izan zen festa giroa ikusita, festek hartu dezaketen dimentsioa ikusi ahal izan zen. Ilusioa piztea lortu da auzoan». Joan den ostiralean, aurreneko aldiz gazte afaria antolatu zuten Sanjuandegikoek eta afarirako txartel guztiak agortu ziren. Festek izandako arrakasta ikusita, Festa Batzordekoek eskerrak eman dizkiete festetan parte hartu duten guztiei, "eta bereziki auzolanean ekimen desberdinak aurrera ateratzen lagundu dutenei".

Aurten, amona mantangorri izan da Sanjuandegiko festak irudikatu dituena. Hala, joan den ostiralean festak amona mantangorriren jaitsierarekin hasi ziren eta igandean igoerarekin bukatu. Pozik daude jendartean amona mantangorrik izan duen harrerarekin, "ikusgarria izan da, zapiekin, festetako abestiarekin eta abarrekin amona mantangorriren irudiak jendearen artean izan duen harrera".

Sanjuandegiko Festa Batzordea "indartsu" dagoela esan dute, eta datorren urteetako festetarako erronkei aurre egiteko "indarra eta ilusioa" jaso dutela gaineratu dute.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide