Erlo telebista euskarri digital bidez ikusi ahal izango dute herritarrek aurrerantzean

Urola Kostako Hitza 2010ko eka. 9a, 12:06

Erlo Telebistako zuzendari Jon Aldanondo eta Euskalteleko Marketing zuzendari Koldo Unanue, hitzarmena sinatzen, atzo Erloko egoitzan

Telebista katea Euskalteleko deskodetzeko gailua duten eskualdeko bizilagunek 11. kanalean ikusi ahalko dute

Konexio hobea dela-eta, Bizkaia kalera lekualdatu du Erlo telebistak lokala eta egoitza berriaren aurkezpena datorren astean egiteko asmoa dute

Erlo telebista euskarri digitalera pasatu da. Euskaltel konpainiaren bitartez, atzotik aurrera Erlo LTD bidez ikusi ahal izango dute bailarako herritarrek zein Euskal Autonomia Erkidegokoek.

Horretaz gain, orain artean bezala, euskarri analogikoan ere emitituko dute telebista kateko programazioa. Atzo goizean jarri zuten seinale digitala martxan eta jarraian Erlo, Goierri, 28.kanala eta Tolosaldeko telebistetako Jon Aldanondok eta Euskalteleko Marketing zuzendari Koldo Unanuek hitzarmena sinatu zuten.

11. katean ikusgai

Ildo horretatik, Euskaltel konpainiako deskodetzeko gailua duen orok Erlo telebista 11. katean ikusi ahal izango du aurrerantzean. Euskal Herriko beste punturen batean dauden bizilagunek, berriz, 929. katea erabiliko dute horretarako. "Hala, Euskal Herriko edozein puntutatik bere herriko informazioa jasotzeko aukera izango dute herritarrek" adierazi du Aldanondok.

Jakinarazi dutenez, Euskalteleko deskodetzeko gailua eskuragarri dago edozein dendatan, 59 euroren truke. Hori dela eta, interesa duenak gertuen duen dendan eros dezake aparailua. Behin deskodetzeko gailua instalatu ostean, Erlo telebista ikusi ahal izango du "kalitate onean".

Hala, Erlo telebistako zuzendariak eskerrak eman dizkio Euskalteli, erabakiaren aurrean izan duen jarreragatik eta "bizi" ibili direlako "zerbitzua etxe horretara" bideratzeko.

Bestalde, Goierri eta 28.kanala telebistekin elkarlanean ari direla adierazi zuen Aldanondok, oinarri digitalera saltoa emateko "baldintza onak eta zerbitzu guztiak eskaintze aldera".

Aldanondoren arabera, datorren ekainaren 14tik aurrera, telebista katea uhin bidez ere ikusi ahal izango dute ikusleek, 35. katean. Hori lortze aldera, "kasuistika zabala" dagoela azaldu du Aldanondok. "Etxebizitza bakoitzaren egon arabera jasoko dute interesa dutenek seinalea" nabarmendu du. Esaterako, bizilagun askoko etxebizitza batean, Euskalteleko antena izanez gero, anplifikadore batez baliatuz jaso dezakete seinalea.

Egoitzaren aurkezpena, laster

Erlo telebistak egoitzaz aldatu du. Konexio hobea dela-eta, Bizkaia kalera lekualdatu dute lokala. Hala, egoitza berriaren aurkezpena datorren astean egiteko asmoa dutela jakinarazi du telebistako zuzendariak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide