Soreasuko aparkalekuak uztailaren 1erako martxan jartzea espero dute

Urola Kostako Hitza 2010ko eka. 9a, 13:06

Soreasukoak martxan jartzearekin batera, plazan eta azoka plaza atzean aparkatzea garestitu egingo dute

Soreasuko lur azpiko aparkalekuetan autoa lehenengo ordu eta erdian aparkatuta edukitzeagatik ez da ezer ordaindu beharko

Udalak Soreasun eraiki dituen lur azpiko aparkalekuak uztailaren 1erako martxan izatea espero dute. Horrekin batera, herriko plazako eta azoka plaza atzeko TAOko prezioak ere aldatu egingo dituzte. Udalbatzak joan den ostegunean aho batez onartu zituen Soreasuko aparkalekuetako prezioak eta TAOren prezio berriak. Garestiagoak izango dira.

Soreasuko lur azpiko aparkalekuek bi solairu dituzte. Lehenengo solairuko aparkalekuak txandakakoak izango dira. Lehen solairu horretan 129 auto aparkatzeko tokia izango da. Bigarren solairuan, berriz, 109 auto aparkatzeko tokia dago. Baina, aparkaleku hauek Udalak saldu egingo ditu. Dagoeneko 37 aparkaleku eta 22 trasteleku salduta ditu. Julian Eizmendi alkateak adierazi duenez, gainontzeko aparkalekuak saltzeko bigarren deialdia iraila aldean zabalduko dute.

Plazan, mugikortasuna

Soreasuko lur azpiko aparkalekuak martxan jarri ahala, herriko plazako eta azoka plaza atzeko TAOko prezioak aldatu egingo dituzte. Horren helburuaren berri ere eman zuten joan den osteguneko udalbatzarrean: herriko plazako aparkalekuetan mugikortasuna ahalik eta handiena izatea nahi dute, eta autoa denbora gehiagoan aparkatuta eduki nahi duenak Soreasun edukiko du autoa aparkatzeko tokia.

Soreasuko lur azpiko aparkalekuetan autoa lehenengo ordu eta erdian aparkatuta edukitzeagatik ez da ezer ordaindu beharko. Plazan eta azoka plazan autoa aparkatzea, berriz, uztailetik aurrera gehiago kostako da: ordubetez autoa TAO dagoen lekuan aparkatzea 0,60 euro kostako da.

Aparkalekuen eta TAOren inguruan jarri dituzten prezioei buruz Udaleko alderdi guztien artean eztabaidatu dute, eta adostasunera iritsi dira.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide