Iñaki Eskisabel izango da Lagun Onak-eko entrenatzaile berria

Urola Kostako Hitza 2010ko eka. 9a, 13:06

Iñaki Eskisabel, Reala B entrenatzen jardun zuen garaian

"Herriko jokalariekin, harrobiarekin, lan egiteko gogoarekin dago", esan du Lagun Onak-eko presidenteak

Futbol zelaiko lanak hasi aurretik, barruko lanei ekin dio Eskisabelek eta "dagoeneko talde teknikoa zeinek osa dezakeen zehazteko hitz egiten hasita dago taldeko jendearekin"

Iñaki Eskisabelek (Olaberria, 1966) hartuko du Aitor Zulaikaren lekukoa. Hau da, datorren denboraldian goierritarrak zuzenduko du Espainiako Hirugarren mailan ariko den Azpeitiko futbol taldea.

Eskisabel Beasain eta Reala B entrenatzen ibilitakoa da, baina azken bi urteetan ez du talderik entrenatu. "Entrenatzaile aritzeko gogo handiarekin dago", diote Lagun Onak Futbol Elkarteko zuzendaritzakoek.

Denboraldi baterako kontratua egin dute Lagun Onak-ek eta Eskisabelek. "Herriko jokalariekin lana egiteko prest azaldu da. Gustukoa du harrobiarekin lan egitea. Ideak garbi ditu eta entrenatzeko gogoa du. Bestetik, Aitor Zulaikak berak ere aproposa izan zitekeela komentatu zigun", dio Joxe Mari Larrañaga Lagun Onak-eko presidenteak.

Futbol zelaiko lanak hasi aurretik, barruko lanei ekin dio Eskisabelek. Hala azaldu du Larrañagak: "Dagoeneko talde teknikoa zeinek osa dezakeen zehazteko hitz egiten hasita dago taldeko jendearekin. Zulaikarekin ere hitz egin du. Orain, barruan egin beharreko lanak egingo ditu eta ea zein hutsune dituen. Gero, ea horiek estaltzeko aukerarik daukagun", dio Larrañagak.

Lehen taldekoen entrenamenduak uztailaren bukaera aldera hasiko dituzte. Denboraldi berria, berriz, abuztuaren bukaeran hasiko dutela uste dute Lagun Onak-ekoek.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide