PNVren zentsura

Ioritz Aizpuru (Azpeitiko Ezker Abertzalearen izenean) 2010ko eka. 9a, 19:06

Behin baino gehiagotan salatu izan dugu PNVk kritika politiko eta aldarrikapen ezberdinak kaletik ezabatzeko zentsura aplikatzen duela. Pasa den asteburuan bertan, Sanjuandegiko festetan egin zuten garbiketa da horren adibide garbia.

Ostiral arratsaldean Sanjuandegi auzoan aldarrikapen ugari ikus zitezkeen kaleko hormetan. Israelen sarraskia salatuz, boikotera deitzen zuten pankartak, Esklabatan etxerik ez! ziotenak, Bai Udalbiltzari, Bai Euskal Herriari! irakur zitekeenak besteak... Larunbatean, aldiz, auzoa erabat garbi zegoen. Pankarta eta kartel ugari kenduta zeuden. Ohikoa den bezala, PNVren aginduz udaletxeko langileek jardun zuten lan zikin hau egiten. Guztiz salagarria da PNVk bere interes partidistak defendatzeko udaletxeko langileak erabiltzea.

Jarrera hauen aurrean ikusten da zein den PNVren benetako aurpegia. Aste berean, Udalbiltzako auzipetuei babesa adierazten zitzaien mozioa onartu eta bi egunetara, Udalbiltzako pankarta kendu, ekintza esangurantsua. Esklabatan etxerik ez! zioten pankartak ere kendu zituzten, zer duzue ezkutatzeko? Zeren beldur zarete? Zuen azpijokoak agerian geratuko direnaren beldur?

Argi izan, zuen zentsuraren gainetik, herritarrok lanean jarraituko dugula, aldarrikapen eta kritika ezberdinekin kaleak jantziz! Adierazpen askatasuna aurrera!

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide