Eliz kaleko festak gaur hasiko dira, Musika Eskolako ikasleen kalejirarekin

Urola Kostako Hitza 2010ko eka. 10a, 12:06

Gaur, osteguna, 18:00etan hasiko dira festak

Larunbat goizaldera arte ospatuko dituzte Korputz festak

Eliz kaleko Korputz jaiak gaur, osteguna, 18:00etan hasiko dira, suziriekin eta Juan Antxieta Musika Eskolako ikasleen kalejirarekin. Ondoren, 19:30ean, kaleko hildakoen aldeko meza izango da, parrokian.

Bihar, ostirala, eta larunbatean ere festak izango dira Elizkalean. Bihar, 18:00etan, Juan Antxieta Musika Eskolako trikitilarien emanaldia izango da eta, ondoren, buruhandiak ibiliko dira kalean. 19:30ean, berriz, Kitarra taldekoekin poteoa egingo dute eta 22:30ean, Laja eta Egurenekin erromeria egongo da.

Larunbatean, eguerdian hasiko da jaia Iban eta Lierni trikitilariekin. 13:00etan, Itsasi dantza taldekoen emanaldia izango da. Arratsaldean, 19:30ean, triki-poteoa egingo dute eta gero kaletarren afaria Baigeran. Afalondoan, Eguren eta haren lagunekin erromeria antolatu dute.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide