Laurehun sarrera salduta eta hiru autobus beteta dagoeneko Herriarteko pilota finalerako

Uztarria.eus 2010ko eka. 11a, 11:06

Gaur iluntzean eta larunbat goizean ere egongo da Frontoi Txikin sarrerak erosteko aukera

Ilunpeko arduradunak baikor daude iganderako, finala parekatua izatea espero duten arren

Datorren igandean, ekainaren 13an, jokatuko du Azpeitiak Gipuzkoako Herriarteko Pilota Txapelketaren bere seigarren finala, Donostiako Atano III.a frontoian, Hernaniren kontra. 10:00etan hasiko da finala.

Eta, aurrekoetan bezala, ez zaie herriko jarraitzaileen animorik faltako, Ilunpe ordezkatuko duten pilotariei. Joan den astelehenean hasi ziren iganderako sarrerak saltzen eta, atzo iluntzea bitartean, laurehun inguru salduta zituzten. Sarrera erostearekin batera autobuserako izena emateko aukera ere bazegoen, eta momentuz hiru autobus bete dituzte Ilunpekoek.

Gaur iluntzean eta larunbat goizean ere egongo da Frontoi Txikin sarrerak erosteko aukera; gaur, 18:00etatik 20:00etara, eta bihar, 09:00etatik 12:00etara. Izan ere, zortziehun sarrera bidali zituzten Azpeitira finaleko antolatzaileek, eta erdiak inguru erosi nahi dituenaren eskura daude oraindik. Kantxako eserlekuetako sarrerak 12 eurotan ari dira saltzen, eta 6 eurotan goiko solairuetakoak.

Kirol arloari dagokionez, Ilunpeko arduradunak baikor daude iganderako, finala parekatua izatea espero duten arren. "Erdibana" ikusten du kontua Jesus Ruiz ArgandoƱa Keuttin-ek. "Kadeteetan haiek irabaziko dute eta jubeniletan guk. Hirugarren partida izango da gogorra", dio, senior mailako neurketak finala erabakitzeko balioko duela sinestuta. Aizpuru eta Eizmendi kadete mailan, Etxaniz eta Aizpuru jubeniletan eta LarraƱaga eta Uzkudun seniorretan, dira Hernaniren kontrako finalean Azpeitia ordezkatuko duten bikoteak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide