Lan Mobel Iraurgik Zilarrezko LEBen jokatzeko aurrekontua prestatu beharko du hilabeteko epean

Urola Kostako Hitza 2010ko eka. 11a, 17:06

.140.000 euroko aurrekontutik 250.000kora pasatu beharko du

Uztailaren 9a baino lehen eman beharko du izena

Lan Mobel Iraurgik ezinhobeto amaitu du denboraldia, eta datorrenean zilarrezko LEB mailan jokatzeko aukera izango du. Espainiako Estatuko saskibaloiko hirugarren maila horretan jokatu ahal izateko, ordea, aurrekontua handitu beharko du; zehazki 140.000 eurotik 250.000 euroko aurrekontua izatera pasatu beharko du.

Uztailaren 9a baino lehen eman beharko du izena, eta inskripzioa bera 32.000 euro kostatuko zaio taldeari. "Jokalariek euren lana egin dute eta orain gure txanda da; hilabete dugu horretarako", esan dio uztarria.com-i Jose Luis Zubizarreta klubeko zuzendariak.

Lehia, bermearekin

Zubizarretak adierazi duenez, "beldur pixka bat" ematen die EBA Ligatik Zilarrezko LEB mailara pasatzeak, baina beharrezko baldintzak bete, postu bat lortu eta bermeekin lehiatu ahal izatea espero dute. "Lehen ere igo ginen Lehen Maila Nazionaletik EBA Ligara, eta egokitu ginen. Orain gauza bera egin beharko dugu".

Denen laguntza behar

Arlo ekonomikoa izango da gainditzen zailena. Zubizarretak adierazi du Foru Aldundiarekin eta Udalarekin hitz egingo dutela. Baina argi dauka: "Guztion beharra izango dugu".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide