Euskal presoak Euskal Herrira ekartzea aldarrikatu dute

Uztarria.eus 2010ko eka. 12a, 14:06

Gaur Azpeitian egindako bilkura.

Hainbat udaletan mozioek babesa jaso ostean, eskualdeko zortzi herritan elkarretaratzeak egin dituzte

Azpeitian 12:00etan izan da, plazan

Azken asteetan, Pausoz Pauso ekimenaren debekuaren aurrean, euskal preso politikoen eskubideen aldeko mozioek babes zabala jaso dute hainbat herritako udaletan. "Gure senide eta lagunak suntsitzeko harturiko neurriek; hala nola, sakabanaketak, isolamenduak, bizi arteko espetxe zigorrak eta gaixotasun larriak dituzten presoak espetxean bahiturik izateak harresi sendo batekin egin dute topo Euskal Herrian, eta Urola Kosta eskualdean", adierazi dute horren harira AAM Amnistiaren Aldeko Mugimenduko kideek.

"Espainiako eta Frantziako gobernuek zuzentzen duten espetxe politika gogortzearekin batera, euskal preso politikoen aldeko babes eta elkartasuna areagotzen joan dira herriz herri". Hori horrela, Azpeitia, Errezil, Orio, Zestoa eta Zumaiako udalek gaurko elkarretaratzeekin bat egitearekin batera, gaixotasun larriak dituzten eta zigorra betea duten presoak askatzea eta gainontzekoak Euskal Herrira ekartzea eskatu dute.

Azpeitian gaur 12:00etan elkarretaratzea egin dute, plazan, Dagozkien eskubideen jabe. Euskal presoak Euskal Herrira lelopean.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide