Udalbiltzari babesa azaltzeko bilkurak deitu dituzte herrietan hilaren 19rako

Urola Kostako Hitza 2010ko eka. 14a, 13:06

Azpeitian Bai Udalbiltzari babes taldean 65 lagun bildu ziren ostiral arratsalean. (Nerea Uranga)

"Egoera honek aldatu beharra dauka eta horretarako ahalegina egin behar dugu", dio Miren Odriozola auzipetuak

Hainbat ekimen antolatu dute epaiketa hasi bitartean; aurrenengoa, datorren larunbatean egingo den elkarretaratzea da.

Bai Udalbiltzari babes taldeak sortzen hasi dira herriz herri. Udalbiltzaren kontrako epaiketa uztailean hastekoak dira, eta herrietan elkartasun taldeak sortu nahi dituzte "prozesua salatu eta auzipetuei babesa emateko". Hala, babes taldeak osatzeko herenegun hainbat bilera egin zuten eskualdeko herrietan: Azpeitian, Orion, Zarautzen eta Zumaian. Azkoitian asteartean bilduko dira, 20:00etan, Kultur Etxean. Babes taldeek Udalbiltzaren aldeko eta epaiketaren kontrako elkarretaratzeak deitu dituzte herrietan, hilaren 19rako. Bilkura isilak 12:00etan egingo dituzte. Azpeitiko kasuan, Udalbatzak aho batez onartu eta deitu du datorren larunbaterako elkarretaratzea.

Udalbiltzaren kontrako auzian 22 lagun daude auzipetuta; tartean, Miren Odriozola azpeitiarra eta Xarlo Etxezaharreta hazpandarra. 2003ko udaberrian abiatu zuten Udalbiltzaren aurkako operazio poliziala Espainiako Auzitegi Nazionalak aginduta. Auzipetuentzat 10 eta 23 urte bitarteko espetxe zigorrak eskatzen dituzte.

Azpeitian, 65 lagun taldean

Azpeitian Udalbiltzaren aldeko babes taldea sortzeko bilera joan den ostiralean, ekainaren 11an, egin zuten udaletxean. Guztira 65 lagun bildu ziren, Odriozola tartean.

"Zazpi urtean epaiketa noiz iritsiko zain egon gara. Hasieran, Egunkaria-renarekin batera gure kontrakoa hasiko zutela esan ziguten. Baina hori ezinezkoa zen. Egunkaria-ren kontrakoa egin dute eta orain Udalbiltzaren aurkakoa hasiko da", esan zuen Odriozolak, babes taldekoen aurrean. Uztailaren 15ean hasiko da epaiketa, Espainiako Auzitegi Nazionalean, Madrilen.

"Gu erakunde terrorista bateko kideak garela dio akusazioak. Baina guk egin dugun lana politikoa eta publikoa izan da. Egin dugun guztia erabat publikoa da. Baltasar Garzon epaileak deklaratzera deitu ninduenean ere halaxe esan nion: Gu herriak aukeratu gaitu, eta zuk ondo dakizu gure lana publikoa izan dela".

Udalbiltzaren kontrako akusazioak erakundearen lana "ezin eraman" duela gaineratu zuen auzipetuak: "Nazio eraikuntzan lan handia egin da Euskal Herrian eta hori ezin dute eraman, horregatik dena delitu bihurtzen dute". Udalbiltzak ETArekin lotura duela azaltzeko "inolako frogarik ez" dutela nabarmendu du.

Egunkaria-ren kasuan bezalaxe, Udalbiltzakoek ere absoluzioa eskatzen dutela adierazi zuen Odriozolak; "baina arrastorik ez daukagu zer gertatuko den".

Egoera honek "aldatu beharra" daukala esan zuen eta horretarako lan egitera animatu zituen Azpeitiko babes taldekoak: "Egoera honi buelta emateko ahalegina egin beharra daukagu". Hala, epaiketa hasi bitartean hainbat ekimen antolatu dute. Aurrenengoa, datorren larunbaterako deitu duten elkarretaratzea da.

Uztarriak Miren Odriozola azpeitiarrari eta Xarlo Etxezaharretari hazpandarrari egindako elkarrizketa ikusteko egin klik hemen .

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide