Azpeitia-Aizkorri-Arantzazu ibilaldia egingo du Lagun Onakek

Urola Kostako Hitza 2010ko eka. 21a, 14:06

Ekainaren 25ean, ostiralean, 23:00etan abiatuko dira Azpeititik, gauez mendi ibilbidea egiteko

Bestalde, Azpeitiko mendi elkarteak antolatutako II.Zuzenien Igoera Bertikalerako izena emateko epea zabalik dago

Lagun Onak Mendi Bazkunak Azpeitia-Aizkorri-Arantzazu mendi ibilaldia antolatu dute datorren ekainaren 25erako. Ostiralean, 23:00etan, abiatuko dira mendizaleen tabernatik. Mendi ibilaldira buruko argia (frontala) eraman behar dela jakinarazi du elkarteak.

Irteeran parte hartzeko datorren ostegunerako (ekainak 24) izena eman beharko da mendizaleen tabernan, edota lagunonak@euskalnet.net helbidean. Bazkideek 4 euro ordaindu beharko dute, ikasleek eta langabetuek 3 euro, eta gainontzekoek 6 euro.

Bidean jatekoa norberak eraman behar du. Mendizaleek azaldu dutenez, behin Arantzazura iritsitakoan hango hotel bateko igerilekuan bainatzeko aukera egongo da. Aldatzeko arropekin motxila autobusez bidaltzeko aukera izango da, horretarako irten aurretik motxila mendizaleen tabernan utzi behar delarik.

Zuzenien Igoera Bertikala

Azpeitiko mendi elkarteak uztailaren 4rako antolatu duen II. Zuzenien Igoera Bertikalerako izena emateko epea ere zabalik dago, ekainaren 30a arte. Erlojuaren kontrako igoera, Igoera Bertikalen Euskal Herriko Koparako puntuagarria izango da.

Izena emateko bi modu daude, asteazkenetan 21:30etik 22:30era mendizaleen telefonora deituta (943-02 58 93) edo www.lagunonakmb.org helbidean. Mendian federatuta daudenek 15 euro ordaindu beharko dute parte hartzeko eta gainontzekoek, 20 euro. Parte-hartzaile kopurua 250era mugatu dute. Hori hala, parte hartzeko lehentasuna izena ematen duten lehen 250 korrikalarik izango dute.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide