Urrestillako sanjoanetan gazteen bazkaria antolatu dute larunbaterako

Urola Kostako Hitza 2010ko eka. 22a, 12:06

Urrestillako Festa Batzordea hamabi lagun inguruk osatzen dute eta irailean hasi ziren jaiak antolatzeko bilerak egiten

Sanjoanetara joateko, bihar, asteazkena, eta larunbatean, ekainak 26, autobus zerbitzua izango da

Urrestillako Festa Batzordea hamabi lagun inguruk osatzen dute: "Denak oso gazteak gara", diote. Iaz festen egitarauan hainbat ekimen propio txertatu zuten: show-a, triki-poteoa... Aurten, iaz jendearen onarpena izan zuten ekitaldiak mantendu egin dituzte eta beste batzuk gehitu dituzte, esaterako, larunbaterako antolatu duten gazte bazkaria. "Urtero, hilaren 26rako zerbait antolatzen zen, baina aurten indartu egin nahi dugu egun hori eta gazte bazkaria antolatu dugu. Nahiko apustu handia egin dugu egun horretarako, eta ea nola irteten duen", diote festa batzordekoek.

Gazte bazkarirako txartelak salgai jarri dituzte Urrestillako tabernetan eta dendetan; baita Azpeitian ere, Orkatzen eta Jim Clarken. Ikasle eta langabetuek 8 euro ordaindu beharko dute bazkarirako txartela, eta gainontzekoek 12 euro. Bazkariaz gainera, larunbaterako egun osoko egitaraua ere prestatu dute.

Irailean hasi zen biltzen Urrestillako Festa Batzordea. "Hilero bildu ginen aurrena, baina otsailetik aurrera sarri bildu gara. Orain, festak gainean ditugunean, egunero ari gara biltzen". Beren helburua duten diru apurrarekin ahalik eta festa onenak antolatzea da. "Askotan musika talde bat, txaranga bat... ekartzea diru asko kostatzen da, eta horregatik gu geu ekimenak antolatzen eta egiten hasi ginen. Iaz ekin genion, eta aurten horri heldu egin diogu. Aurten ere showa antolatu dugu festa batzordeko kideok, kanpoko batzuk lagunduta", esan dute.

Bihar eta larunbatean autobus zerbitzua

Urrestillako Festa Batzordeak jaietan Azpeititik Urrestillara autobus zerbitzua jartzeko eskatu zion Azpeitiko Udalari. "Urrestillako festetara jendea etortzea nahi badugu, erraztu egin behar dugu bidea", diote Urrestillako Festa Batzordekoek. Hala, Udalak eskaera onartu eta bihar iluntzean eta larunbatean autobus zerbitzua jarriko du. Bihar, San Joan bezperan, Azpeitiko anbulatorio aurretik 22:00etan, 24:00etan eta 02:00etan irtengo da autobusa. Urrestillatik, berriz, 22:15ean, 24:15ean eta 02:15ean. Eta larunbatean goizetik eguerdira bitartean eta iluntzean egongo dira autobusak.

Urrestillako sanjoanak

Ekainak 23, asteazkena. (San Joan bezpera)

  • 20:00.Poteo herrikoia.
  • 21:00.Txupinazoa. Pregoia, agurra eta segidan, herri afaria.
  • 23:00.San Joan zuhaitza sartuko dute plazan.
  • 23:30.Dantzaldia, Orots taldearekin.
  • 00:00.San Joan sua piztuko dute.

Ekainak 24, osteguna. (San Joan eguna)

  • 09:30.Dultzaineroekin goizeresia.
  • 12:00.Meza nagusia.
  • 12:45.Azpeitiko Udal Musika Bandaren emanaldia.
  • 13:00.Buruhandiak.
  • 16:00.Zezen txikiak eta pottokak, haurrentzako.

-17:30.Urrestilla Show, Urrestillako Festa Batzordekoen antzezlana.

  • 19:00.Patata tortilla lehiaketa eta afari-merienda.
  • 21:00.Triki-bertso poteoa.

Ekainak 25, ostirala. (San Joan Txiki)

  • 12:30.Sagardo dastaketa.
  • 15:30.Mus txapelketa.
  • 16:00.Haur jolasak, zezen mekanikoarekin eta puzgarriekin.
  • 17:00.Haurrentzako merienda.
  • 23:30.Triki ta su taldearen kontzertua.

Ekainak 26, larunbata. (San Joan Gazte)

  • 11:00.Herri kirolak. Urrestillako taldea Sanjuandegiko taldearen kontra.
  • 14:00.Gazte bazkaria, plazan.
  • 16:30.Karaokea.
  • 19:00.Ginkana.
  • 23:00.Zuhaitzaren entierroa.
  • 23:30.Laketekin erromeria.
  • Goizaldean.Txokolate-jana.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide