Goenagak hiru domina lortu ditu Udako Igeriketa Txapelketan

Urola Kostako Hitza 2010ko eka. 30a, 13:06

Izarraitz Igeri Elkarteko Ainitze eta Jon Odriozolak hartu zuten parte Tolosan jokatutako Gipuzkoako Txapelketan

Pablo Etxeberria Euskadiko taldearekin ariko da Espainiako Eskolarteko Txapelketan uztailaren 5etik 9ra bitartean

Joan den asteburuan Tolosan jokatutako infantil, junior, promesa eta seniorren Gipuzkoako Udako Igeriketa Txapelketan Izarraitz Igeri Elkarteko Ainhoa Goenagak hiru domina eskuratu zituen: urrea, 100 metro tximeletan; zilarra, 50 metro librean eta brontzea, 100 metro librean. Gainera, 50 metro librean egindako denbora dela-eta, Goenagak Espainiako Udako Txapelketan parte-hartzeko aukera izango du; Mallorkan (Balearrak) jokatuko dute proba.

Izarraitz Igeri Elkarteko beste bi igerilarik ere hartu zuten parte txapelketan: 100 metro eta 200 metro librean, Ainitze Odriozolak hamargarren postua lortu zuen, eta Jon Odriozola hogeigarren postuan gelditu zen 50 metro librean, 5. eta 7. postuak lortu zituzten hurrenez hurren.

Ainitze Odriozola eta Ainhoa Goenaga Tuteran (Nafarroa) izango dira datorren asteburuan, Euskal Herriko Udako Txapelketan.

Txapelketak gertu

Aste honetan, berriz, Pablo Etxeberria igerilari azpeitiarra Euskadiko taldearekin Espainiako Eskolarteko Txapelketan parte hartzeko aukeratu dute. Txapelketa hori Madrilen jokatuko dute, uztailaren 5etik 9ra bitartean, eta Etxeberriak bi frogetan hartuko du parte: 400 metro librean eta taldeko frogan.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide