Maitasuna erbestealdian

Uztarria.eus 2010ko uzt. 2a, 11:07

Sagarren denbora film dokumentala emango dute gaur gauean Betharrametan. 21:00etatik aurrera

Protagonistak bertan izango dira

Azpeitiko Ta3. zine-klub taldeak denboraldia amaitutzat eman bazuen ere, emanaldi berezia antolatu du gaur gauerako. Sagarren denbora. Alfonso Etxegarai eta Kristiane Etxaluz: 25 urte deserritik itzultzen film dokumentala emango du, 21:00etan hasita, Betharram aretoan. Filmak Kristiane Etxaluz zuberotarraren eta Alfonso Etxegarai bizkaitarraren arteko maitasun istorioa kontatzen du.

Hala ere, honakoa ezohiko maitasun kontakizun bat da. Euskal Herriaren gatazka politikoaren eraginez, beraien maitasuna sorterritik 7.000 kilometrotara bizitzera behartuta dago bikotea, Etxegarai Afrikako irla txiki batean deportaturik dutelako aspalditik.

Bilboko GITE-IPES taldeak ekoitzita, Josu Martinez eta Txaber Larreategi zuzendariek errodatu dute dokumental hau, 2009 eta 2010 urteetan, Euskal Herriko hainbat tokitan eta Sao Tome eta Principeko Errepublika Demokratikoan (Afrika). Lan talde berak Itsasoaren alaba filmatu zuen aurretik, eta iaz Donostiako Zinemaldian aurkeztu zuten. Azpeitiko Ta3. zine-klubak, bere aldetik, urrian eman zuen dokumental hura, eta harrera oso ona jaso zuen, jende ugari joan baitzen ikustera. Sagarren denbora dokumentala leku gutxitan emateko asmoa dute, eta Azpeitikoa aukera urri horietako bat izango da. Emanaldia bukatu ondoren, gainera, GITE-IPES taldeko kide Txema Uriarterekin, filmeko zuzendari Josu Martinezekin eta dokumentaleko protagonista Kristiane Etxaluzekin solasaldia izango da.

Izenburua. Sagarren Denbora.Alfonso Etxegarai eta Kristiane Etxaluz: 25 urte deserritik itzultzen.

Zuzendariak. Josu Martinez eta Txaber Larreategi.

Argazkia. Hibai Castro.

Musika. Arkaitz Minerrek egin du, Ruper Ordorikaren, Maddi Oihenarten eta EƱaut Etxamendiren parte-hartze bereziarekin.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide