Iraurgik ez dio uko egin Zilarrezko LEB mailari

Urola Kostako Hitza 2010ko uzt. 2a, 12:07

Azpeitiko eta Azkoitiko Udalek, Foru Aldundiak, GBC-k eta Iraurgik konpromisoak hartu dituzte

Gaur zortzi amaituko da Zilarrezko LEB mailan izena emateko epea

Espainiako Zilarrezko LEB mailan jokatzeko aukerari uko egiteko azken eguna herenegun zen. Iraurgi Saskibaloi Taldeak ez dio uko egin aukera horri; beraz, datorren denboraldian Zilarrezko LEB mailan ariko da.

Iraurgi Saskibaloi Elkarteko Jose Luis Zubizarreta, Xubi-k jakinarazi duenez, Azkoitiko eta Azpeitiko Udalek, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Gipuzkoa Basket Klubak eta Iraurgi Saskibaloi Elkarteak Iraurgi Zilarrezko LEB-en aritzeko konpromisoak hartu dituzte, "Guk alderdi pribatutik dirua lortzeko konpromisoa hartu dugu".

Gaur zortzi bukatuko da Zilarrezko LEB mailan izena emateko epea. "Guk hartu ditugun konpromisoak betetzeko epea, ordea, ez da uztailaren 9an bukatuko, horretarako urte guztiko epea dugu", azaldu du Iraurgiko kideak.

Aurrekontua, mugatua

Aurrekontua "oso mugatua" izango dutela gaineratu du. "Zilarrezko LEB mailara igo diren talde batzuk 400.000 euroko aurrekontuaz hitz egiten dute. Guk, 250.000 eurokoa izango dugu, beraz aurrekontua oso mugatua dugu". Azken denboraldietan bezalaxe taldea gipuzkoar jokalariekin osatzeko apustua egingo dutela nabarmendu du Zubizarretak.

Lan Mobel Iraurgi taldeak bukatu berri duen denboraldian lortu du EBA Ligatik Zilarrezko LEB mailara igotzeko aukera. Bai denboraldi osoan, bai igoera fasean egindako lan oparoari esker lortu dute igoera.

Bi jokalari Euskadikoan

Bestalde, azken denboraldian Lan Mobel Iraurgin ibilitako Asier De La Iglesiak eta Lander Lasak Euskadiko Selekzioarekin Nazioen Txapelketa jokatuko dute asteburuan. Lasak, orain gutxi, Gipuzkoa Basket-ekin fitxatu du.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide