Soreasuko lur azpiko aparkalekuak gaur irekiko dituzte

Urola Kostako Hitza 2010ko uzt. 5a, 12:07

Lehen solairuko txandakako aparkalekuak doan izango dira gaurtik, astelehena, irailaren 1a arte

Lur azpiko aparkalekua 24 orduz egongo da zabalik, baina gauez, 22:00etatik 07:00etara bitartean, itxita egongo dira oinezkoentzat ateak

Soreasuko lur azpiko aparkalekuak gaurtik aurrera edozeinek erabiltzeko moduan izango dira. Aparkalekuek bi solairu dituzte: aurrenekoak txandakako aparkalekuak dira eta bigarrengokoak, berriz, erosi dituztenenak edota urteko bonoa dutenenak. Bigarren solairuko aparkaleku horiek joan den ostegunetik martxan daude.

Aparkalekuetarako autoentzako sarrera-irteera bakarra dago, Soreasu auzorako errepidetik. Oinezkoentzako, berriz, lau irteera (horietatik bi larrialdikoak) eta bi sarrera ditu. Oinezkoentzako sarrera-irteerak honakoak dira: bata, garai batean Soreasuko zine aretorako pasabidera irteten duena eta bestea Soreasu auzo aldera irteten duena.

Lur azpiko aparkalekuaren gutxieneko altuera 1,95 metrokoa da. Lehen solairuan 109 auto aparkatzeko tokia dago; horietatik lau elbarrituentzako dira. Bigarren solairuan, berriz, 131 aparkaleku daude. Bideozaintza bidez zainduta dago, eta erabiltzaileek arazoren bat izanez gero interfonoz udaltzainekin hitz egiteko aukera dute.

Irailaren 1a arte doan

Lehen solairuko txandakako aparkalekuetan autoa aparkatzea doan izango da irailaren 1era bitartean. Irailaren 1etik aurrera, berriz, lehen ordu eta erdia doan izango da, baina hortik aurrera ordaindu egin beharko da. Doan den bitarte horretan ere, aparkalekuetara sartzeko eta irteteko txartela hartu beharko da.

Lur azpiko aparkalekua 24 orduz egongo da zabalik, baina gauez, 22:00etatik 07:00etara bitartean, itxita egongo dira oinezkoentzako ateak. Hala ere, oinezkoentzako sarbidetik sartzeko, txartelean jartzen duen zenbakia markatu beharko dute erabiltzaileek, hala atea irekiko baitzaie. Aparkalekua erosita dutenek edota abonatuek txartel berezia izango dute aparkalekura sartu eta irteteko.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide