Udal udaleku irekietako eta Azpeitiko Ikasberri Ikastolako udaleku irekietako hezitzaileen eta haurren parte-hartzearekin, eta Ereiten egitasmoaren lehen denboraldia bukatzeko, Txorimalo Lehiaketa antolatu dute biharko, asteartea, Zelai Luzen. "Astearteko azokarekin batera haurrekin jarduera koloretsu bat antolatu dugu", azaldu dute IngurugiroEtxea Fundaziotik.
Beraz, asteartean 10:00etatik 13:00etara bitartean, Zelai Luzen, udaleku irekietan parte hartzen ari diren herriko haurrek txorimaloak egingo dituzte. Ekitaldi honetan 150 bat haurrek hartuko dute parte. Adinaren arabera banatuta egingo dute lan haurrek: alde batetik, 6 eta 8 urte bitartekoek jardungo dute, eta bestetik 8 eta 10 urte bitartekoek. Txorimaloak taldeka egingo dituzte. Ondoren, lan ederrena egiten dutenek sariak jasoko dituzte.
Asteartean haurrek egindako txorimaloak Santio Egunera bitartean erakusgai egongo dira Zelai Luzen.