Urrestillako herritarrei liburutegia gerturatzeko eta irakurzaletasuna bultzatzeko asmoarekin, liburutegi zerbitzua zabaldu dute Urrestillan, haur eta gazteen lokalean. Azpeitiko Udal Liburutegiaren zati bat izango da, eta hasteko euskarazko eta gaztelerazko 94 liburu jarri dituzte bertan; lehendik beste ehun liburu eta hiztegi daude lokalean.
Urrestillako lokala 8 eta 18 urte bitartekoek erabiltzen dute, baina liburutegi zerbitzua adin guztietakoentzat izango da. Hala, liburutegia erabili nahi dutenek lokalera sartzeko txartela eskatu beharko dute Udaleko Gazteria Sailean, 943-15 71 61 telefonora deituta.
Liburuak adinaren arabera sailkatu dituzte. Adin tarte bakoitzari kolore bat dagokio. Aldi bakoitzean mailegu bi liburu har ditzakete erabiltzaileek, eta hamabost eguneko epea dute itzultzeko.
Liburutegiko zerbitzua eskaintzen ez da inor egongo Urrestillako lokalean. "Autozerbitzu moduko bat da", esan du Ana Mendizabal Kultura eta Euskara batzordeburuak. Beraz, herritarren esku geldituko da liburutegia eta liburutegiko liburuak txukun izatearen eta zerbitzuak behar den bezala funtzionatzearena rdura.
Momentuz, hasi besterik ez dira egin eta denborarekin Urrestillan ireki duten liburutegiko zerbitzu berria zabaltzen joango dira.