Festa Herrikoien Batzordea: "Festa Mahaian sortu den egoerak gure pazientzia bukatu du"

Uztarria.eus 2010ko uzt. 9a, 14:07

Festa Herrikoien Batzordeko kideak Berdura Plaza aurrean.

EAJren jokabidea salatu dute, "elkarlanerako zubiak apurtu" dituela esanez

Hala ere, "umorea galdu gabe eta lana gogor eginez" jarraitzeko asmoa agertu dute batzordekoek

Saninazioak gerturatzen ari direla eta, Festa Herrikoien Batzordea aurtengo festak antolatzen dabil azken hilabeteetan. Hori dela eta, batzorde horrek "hainbat kontu argi beharra" dagoela uste du, "azken egunetan eman diren gertakariek egoera jasanezina sortu baitute".

Festa herrikoien ibilbidea duela hainbat urte hasi zen eta batzordearen ustez, "hasieran ekimen xume batzuekin hasi zena, eskaintza zabal baten bilakatzea lortu da, belaunaldi desberdinetako herritarrek egindako lanaren ondorioz". Festa Herrikoien Batzordeko kideek "jauzi garrantzitsua" ematea lortu zuten: "egitarau ofizialak eta alternatiboak programa bakar batean ateratzea".

Festa Herrikoien Batzordeak jakinarazi duenez, "Udaleko Festa Mahaia izan da egitaraua eztabaidatu eta aurrera eramateko gunea. Erabaki gunea izateko sortu zen, baina inoiz ez da lortu Festa Mahaia erabakigune izatea eta egitarau bat guztion artean antolatzea". Gainera, batzordekoen arabera, "aurten Festa Mahaian sortu den egoerak gure pazientzia bukatu du. EAJren jokabideak, elkarlanerako zubiak apurtu ditu, Festa Herrikoien Batzordeak eginiko proposamen guztiak oztopatzera mugatu baitira".

Festa Herrikoien Batzordea "oztopatzen saiatu diren ekimen guztiak zerrendatzen hasiz gero zerrenda amaigabea egin" daitekeelakoan dago: "Patxi Lopezi harrera egiteko, herritar ugarik parte hartzen duten Bakailau Txapelketa plazatik kanporatu nahi izan dute". Piperrak taldearen kontzertua antolatzekoak ziren txosna gunerako eta "atzera bota nahi izan dute".

Astearteko gertakizuna "errematea" izan zelakoan daude batzordekoak: "Eguerdiko ordubaterako deitu zuten bozka emateko mahaia, oposizioko zinegotziek ezin zutela joan jakin arren. Egoera horren aurrean, oposizioko zinegotziek eta batzordekoek alde egin genuen". Arratsaldean egin zuten, azkenean, bilera, "EAJko zinegotziak egindako hanka-sartzeaz ohartu" ondoren, Festa Herrikoien Batzordekoen ustez. "Azkenean, gehiengoak, Festa Herrikoien aldeko apustua egin zuten eta egitarauaren antolakuntzat aurrera darraigu".

Festa Herrikoien Batzordearen ustez, "ez da kasualitatea gertatu dena. Eraso hau, Euskal Herrian ematen ari den Festa Herrikoien aurkako ofentsiban kokatzen dugu". Horren aurrean, "umorea galdu gabe eta lana gogor eginez" jarraitzeko asmoa agertu dute, "oztopoei aurre eginez eta iniziatiba berriak garatuz, herritarrok antolatutako festak aldarrikatuz".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide