Azpeitiak galdu egin du Euskal Herriko Herriarteko lehen lehia

Urola Kostako Hitza 2010ko uzt. 12a, 13:07

Finalerdietako joanekoa jokatu zuen herenegun Frontoi Txikin Markinaren kontra, eta 1-2 gelditu zen markagailua

Itzulikoa datorren larunbatean jokatuko dute Markinako pilotalekuan, 11:00etan hasita

Euskal Herriko Herriarteko Pilota Txapelketako finalerdiko joanekoa galdu egin du Azpeitiak Markinaren kontra, 1-2 eginda. Herenegun jokatu zituzten partidak Azpeitiko Frontoi Txikin. Kadeteek 13 puntuko aldearekin galdu zuten (9-22), eta jubenilek 15 puntu gutxiago eginda (7-22). Seniorrak izan ziren irabazi zuten bakarrak, 22-5 eginda.

Ekainean Gipuzkoako Herriarteko Pilota Txapelketa irabazi zuen Azpeitiak, Hernaniri aurrea hartuta. Horregatik ari da Euskal Herrikoa jokatzen, Gipuzkoa ordezkatuz.

Finalerdia Bizkaiko txapeldun Markinaren aurka jokatzea egokitu zaio, eta horrek ez dizkio gauzak erraz jarri. Finalerdietako itzulikoa datorren larunbatean jokatuko dute, 11:00etan, Markinako pilotaleku nagusian. Han irabaztea oso zaila dutela diote Azpeitiko Ilunpe Pilota Elkartekoek. "Buelta oso zaila daukagu. Nahiz eta Bizkaian irabazi, tanteoagatik aurrea hartzea zaila izango da". Aurretik ezagunak zituzten markinarrak, eta gauzak erraz ez zituztela izango bazekiten. Hala aitortu dute, behinik behin: "Aurretik bagenekien gauzak gogorrak izango genituela markinarren kontra".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide