Iraurgiko lehen taldeak, Lan Mobel ISBk, Espainiako Zilarrezko LEB mailan jokatzeko izena eman du Espainiako Saskibaloi Federazioan. "Federazioaren abalaren inguruko gauza batzuk zehazteko gaude, baina datorren denboraldian Lan Mobel ISBk Zilarrezko LEBen jokatuko du", azaldu dute Iraurgi Saskibaloi Elkartekoek. Joan den denboraldian lortu zuen Iraurgik EBA Ligatik LEBera igotzea.
Iraurgik Zilarrezko LEB mailan jokatu ahal izateko konpromiso batzuk hartu ditu saskibaloi elkarteak, Azpeitiko eta Azkoitiko udalekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin. "Gure aldetik 30.000 euro lortzeko konpromisoa hartu dugu. Oraindik hori ez da lortu, baina bai enpresen babesari eta laster abiatuko dugun bazkide kanpainari esker lortuko dugula espero dugu", adierazi dute saskibaloi elkartekoek. Mailaz igotzeko pausoa gipuzkoarrekin osatutako talde batekin lortu dela gogorarazi dute Iraurgikoek eta aurrera begira ere ildo horri helduko diote.
Multzo bakarra
Zilarrezko LEB mailan multzo bakarra izango den susmoa dute Iraurgikoek. Espainiako Saskibaloi Federazioko lehiaketarako oinarrietan Zilarrezko LEB maila hamabi taldetako bi multzoz osatuko dela zehazten da, baina badirudi multzo bakarra osatuko dutela. Hala adierazi dute Iraurgikoek.