Udalbiltzaren kontrako epaiketa hasiko da etzi, Espainiako Auzitegi Nazionalean. Udalbiltzaren kontrako auzian 22 lagun daude auzipetuta. Horietako bat Miren Odriozola (Azpeitia, 1944) da. Atzo, Urola Kostako Hitzaren Azpeitiko erredakzioan izan zen, webgunean herritarrek egindako galderei erantzuten.
Aste honetan bi manifestazio izango dira Udalbiltzaren alde. Jendeari zer esango zenioke protestetan parte hartzeko?Zein arrazoi emango zenituzke? Eskerrik asko eta animo! (Ane)
Batik bat eskubide zibil eta politikoak zapalduta daudela, Udalbiltzaren kasuan eta orokorrean. Eskubide horien alde eta Udalbiltza Euskal Herriko lehenengo instituzio nazionala denez, epaiketa salatzeko oso garrantzitsua da manifestazio horietan parte hartzea. Egunkaria-ren epaiketa irabazi genuenez, hau ere irabazi beharra dago. Bide batez, eskerrik asko parte hartuko duzuen guztioi.
Gustura al zaude gizartearengandik jasotako babesarekin? (Galder Anitz)
Udalbiltzako auzipetuok oso gustura gaude, babes handia jasotzen ari garelako Euskal Herrian herriz herri eta baita nazioartean ere. Ekimen asko egin da: elkarretaratzeak, udaletan mozioak... Nazioartean ere babes taldeak sortu dira: Herrialde Katalanetan, Espainian Madrilen... Katalunian hautetsien artean sinadura bilketa egiten ari gara, adibidez. Gaur (atzo) Donostian ekimen garrantzitsua egon da. Euskal Herriko hainbat pertsona ezagunek eta publikok atxikimendua erakutsi dute eurek egindako manifestu baten bidez. Politika arloan, esaterako, PPko kideena izan ezik gainerako alderdi guztietako kideen atxikimendu pertsonalak bildu ditugu, PSE-EE eta PSN-koena barne.
Herritarren babesa sentitu al duzu urte hauetan guztietan? (Maite)
Udalbiltzaren aurkako operazio poliziala egon zenean babes handia jaso genuen Euskal Herriko eragile politiko, sozial, sindikal, kulturalen eta herritarren aldetik. Bilboko manifestazioan, esaterako, jende asko izan zen. Gero, zazpi urte pasatu direnez, ahaztuta ere egon da. Askok uste zuten gaia artxibatuta zegoela, baina orain, epaiketaren datak jakinarazitakoan, berriz babes asko jaso dugu. Herrian gertueneko jendearen babesa hor egon da urte hauetan guztietan; gogoratu izan dira. Orokorrean, berriz, epaiketarik egon ez denez, gaia ahaztu samar egon da.
**Udalbiltza legez kanpo utzi aurretik, zein zen erakundearen zeregina? Zergatik legez kanporatzea eta zuek zigortu nahia? (Iñaki)**
Euskalduna jauregian onartu ziren bost printzipioak aurrera eramateko lan egitea: 1. Euskal Herria nazioa dela aldarrikatzea; 2. Euskal Herriaren egituraketa politikoa eraikitzen laguntzea eta lurraldetasunaren lekuko izanik eta zazpi euskal lurraldetako udal or- dezkariak esparru erkidean batzeko asmoa; 3. Euskal Herriaren nazio eraikuntza bultzatzea; 4. Herrialde guztietako udalerrien arteko harremanak eraikitzen la- guntzea, hizkuntza, kultura, kirola, ingurumena, lurralde antolaketa, ekonomia garapena eta ongizatea bezalako esparruetan; 5. Nazioartean Euskal Herria nazio berezkoa eta desberdina dela adieraztea. Egindako ekimen garrantzitsuenak hauek dira, besteak beste: Euskal Garapen eta Kohesio Fondoa; Xuberoa Garatzen ekimena; Euskal Herrian Demokrazia eta Bakeranzko Bidean ekimena; Euskal Herriaren Eskubideen Karta idaztea; Herrien eskubideen aldeko nazioarteko konferentzia 2002ko abenduan; EHNA (Euskal Herriko Naziotasun Aitormena) martxan jartzea; generoen arteko berdintasuna sustatzea; harremanak diasporarekin; Euskal Herriko Ekonomia eta Gizartearen Behategia (Gaindegia) sortzen laguntzea eta Euskal Herriko Estatistika Zentroa. Legez kanporatzeari dagokionez, Udalbiltzak nazio eraikuntza mailan egindako lan dena ez dute onartu Madrilen, eta Udalbiltza zigortu eta moztu nahi dute Euskal Herrian egiten ari zen lan guztia suntsitzeko.
Oro har, ETAko kide izatea eta diru publikoaren erabilera okerra egitea egozten diote Udalbiltzari. Auzipetu bakoitzari ekintza jakinen bat leporatzen al diote? Egunkariaren aurkakoaz gain horrelako beste epaiketarik izan al da?
.22 auzipetuetako inori ez digute ekintza zehatzik leporatu. Gisa honetako epaiketa asko egin da, eta oraindik epaiketaren zain beste asko daude. 18/98 da ezagunena.
Udalbiltza zein esparrutan sortu zen? Zein beharri erantzuteko? (Herritar bat)
Euskal Herrian aspaldidanik garrantzia handia izan dute udalek eta udal hautetsiek, eta aurrekari bezala dugu Espainiako Gerra Zibilaren aurretik Euskal Herriko Estatutua egin zenean, alkateek Lizarrako ekimenean parte hartu izana. Udalbiltza sortu aurretik, Euskal Herriko hainbat alkatek bilerak egin zituzten. Hala, alkateen bileraren ondoren Iruñean batzarra izan zen, eta han 666 hautetsik hartu zuten parte Udalbiltza sortzeko. Azkenik, Euskalduna jauregian 1999ko irailaren 18an sortu zen Udalbiltza, ia 2.000 hautetsik parte-hartuta. Euskal Herriko alderdi abertzale guztiek hartu zuten parte, hautetsi independenteak barne. Euskal Herria hiru administraziotan zatituta egonda, ez genuen Euskal Herri osoa biltzen zuen instituziorik, eta horri erantzun nahi zitzaion, baita nazio eraikuntzaren lanari ere.
Estaturik gabeko beste nazioren batean ba al dago Udalbiltzaren antzeko ekimenik?
Antzeko ekimena dute saamiek. Laupabost estatutan banatuta daude, eta denak biltzen dituzten Parlamentua dute eurek. Kurduek ere badute ekimenen bat, baina udalekin egindakorik ez dut ezagutzen. Herrialde Katalanetan badute Eudelen antzeko egitura, baina guri eskatu digute Udalbiltzari buruzko informazioa, eurek han antzeko egituraren bat sortzeko. Ideia Euskal Herriko udalek, alkateek eta udal hautetsiek duten tradiziotik sortu zela esango nuke.
Hasieran 140 lagunen lekukotza, hainbat froga dokumental eta abar aurkeztu zenituzten. Zein argudio eman ditu epaimahaiak haiek atzera botatzeko?
Guri ez digute inolako argudiorik eman. Gomez Bermudez epaileak esan digun bakarra da epaiketa azkar egin nahi duela.
Xarlo Etxezaharreta da zurekin batera auzipetutako bat. Bera hazpandarra da, eta Espainiako Audientzia Nazionalera ez joatea erabaki du. Zer iruditzen zaizu bere erabakia? (Laura)
Aurrena, esan behar da Udalbiltza ez dela legez kanpokoa Ipar Euskal Herrian, beste hainbat erakunde ere ez den bezalaxe. Beraz, bere erabakia errealitate horrekiko konsekuentea iruditzen zait eta, azken batean, bere erabakia errespetatu egiten dut.
Oraindik Euskal Herrian Udalbiltza bezalako erakunde bat beharrezko dela uste al duzu? (Naroa)
Bai, hil ala bizikoa dela uste dut. Herri guztiek dute eskubidea nahi dituzten erakundeak izateko. Eta Euskal Herria hiru administraziotan zatitua dagoenez, Udalbiltza edo antzeko erakunde batek lortu dezake Euskal Herri osoko udalak elkar biltzea.
Zazpi urte daramatzazue auzipetuta. Memoria egiteko eskatuko dizut: nola bizi izan zenuen Udalbiltzaren aurkako eraso hura? Gogoratzen al zara noiz eta nola enteratu zinen auziperatuetako bat zinela? (Aitzol)
Goizeko 06:00etan, oraindik ohean nengoela, deitu zidaten Udalbiltzaren kontrako polizia operazioa egiten eta kide batzuk atxilotzen ari zirela esanez. Ni ere zain egon nintzen polizia etxera noiz etorriko. Ez zen inor agertu; zortzi lagun atxilotu zituzten 2003ko apirilean. Gero, Baltasar Garzonek beste batzuk deitu zituen deklaratzera, eta haietatik hiru kartzeleratu zituen. Beste bat libre gelditu zen, bermepean. Uztailean, San Inazio Egun bezperan, jakinarazi zigun besteoi auzipetuta geundela. Irailean deklaratzera joan ginen, eta denok kartzeleratuko gintuzten beldurrez egon ginen. Libre utzi gintuzten azkenean. Guztira auzipetutakoak 22 lagun gara.
Udalbiltzari babesa adierazteko deialdiak
Bai Udalbiltzari, bai Euskal Herriari lelo hartuta hainbat ekimen deitu da egun hauetan Urola Kostan. Ekimenetan Udalbiltzaren kontrako epaiketa salatuko da eta auzipetuei babesa adieraziko zaie.
Ostiralean, Azpeitian. Udalbiltzari babesa adierazteko manifestazioa, 19:30ean, herriko plazatik.
Larunbatean manifestazio nazionala, Bilbon. Zarauztik autobusa antolatu dute Bilborako, 16:00etan, Eguzki paretik irtenda.