Azpeitiko zazpi enpresak jasoko dute krisiari aurre egiteko Aldundiaren diru-laguntza

Urola Kostako Hitza, uztarria.com 2010ko uzt. 13a, 20:07

Aldundiak 1,1 milioi euro bideratuko ditu Urola Kostako hamabost enpresatara, berrikuntzarako, hausnarketarako eta balioak sustatzeko hamazazpi proiektu gara ditzaten

Altuna y Uria, Antzibar, Biele, Cidemco, Glual Hidraulica, Rugui, Danona eta Rotok dira laguntzak jasoko dituzten herriko enpresak

Gipuzkoako Foru Aldundiak, Krisiaren Aurkako Planaren baitan, 1,1 milioi euro bideratuko ditu Urola Kostako hamabost enpresatara, berrikuntzarako, hausnarketarako eta balioak sustatzeko hamazazpi proiektu gara ditzaten. Hala, Aldundiaren laguntza horri esker, hiru milioi inguruko inbertsioa eragingo dute Zestoako, Zumaiako eta Azpeitiko hainbat enpresen aldetik.

Hamabost enpresa horietatik zazpi Azpeitikoak dira: Altuna y Uria, Antzibar, Biele, Cidemco, Glual Hidraulica, Rugui, Danona eta Rotok dira laguntzak jasoko dituzten herriko enpresak.

Ildo horretatik, Markel Olano diputatu nagusia eta Jose Ramon Guridi diputatu burua eskualdeko enpresariekin elkartu ziren atzo.

Bisitaren asmoa Diputazioak Krisiaren Aurkako Planaren bidez egoera ekonomikoari aurre egiteko ezarri dituen neurrien eraginkortasuna egiaztatzea izan da. Bestalde, Foru Aldundiaren eta berrikuntza, hausnarketa eta internazionalizazio programetan parte hartu duten enpresen artean finantzatzen ari diren proiektuen xehetasunak azaldu zituzten Olanok eta Guridik atzo.

Era berean, ahaldun nagusiak enpresek lan berezia egin dutela dio: "Laguntza publikoak ahalegina eskatzen dio enpresa pribatuari, eta eskualde osoaren garapenerako izango den inbertsioa eragiten du".

Askotariko proiektuei laguntza

Berrikuntzara bideratutako proiektuek 683.064 euroko laguntza jasoko dute, eta horien artean IKTen bitartez kate berri bat abian jartzea, porlan ekologiko formula bat garatzea eta multi-prozesu teknologiaren bitartez bezeroarentzat balio proposamen bat garatzea nabarmendu dituzte, besteak beste.

Bestalde, hausnarketa prozesuko egitasmoei 331.466 euro bideratuko dizkiete, eskualdeko enpresa bat AEBko eta Txinako merkatuetan internazionalizatzeko proiektuak sortzeagatik edota eskualdeko hiru enpresa eragileren artean lankidetza egonkorra martxan jartzeko aukera aztertzearren. Enpresatan balioak sustatzeko programari dagokionez, 88.520 euroko laguntza eskainiko dute. Besteak beste, entzumen aktiboaren bitartez kalitatezko elkarrizketaren papera identifikatu ahal izateko programak dituztenei.

Diruz lagunduko dituzten enpresak

Hauek dira Gipuzkoako Foru Aldundiak diruz lagunduko dituen bailarako enpresak:

  • Azpeitia: Altuna y Uria, Antzibar, Biele, Cidemco, Glual Hidraulica, Rugui, Danona eta Rotok.
  • Zumaia: Korta, Lagun Artea Investigacion y Desarrollo, Xey Corporación Empresarial, Ibarmia Innovatek eta Ibarmia Gestinuer.
  • Zestoa: TS Fundiciones eta Sociedad de Cartera Cestona.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide