Herriko jaietan "berrikuntza eta freskotasun falta somatu" zutela-eta, bakailao txapelketa egitea otu zitzaien hainbat herritarrei. Duela hiru urte egin zen aurreneko txapelketa eta, beraz, aurtengoa antolatzen duten hirugarren aldia izango da. Jai batzordekoen arabera, "aurreko urteetan ikusitako arrakastaren ondorioz, aurten ere berriro antolatzeko asmoz gatoz".
Abuztuaren 1ean, Saninazio bigarrenean, izango da txapelketa, plazan. Partaideek 10:45erako plazan egon beharko dute, nahiz eta lehiaketa 11:00etan hasiko den. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, "iaz, jende multzo bat parte hartzeko gogoz gelditu zela ikusita, aurten, azpiegitura zabalagoa prestatuko dugu. Horrela, inor kanpoan gelditu ez dadin".
Edonork hartu dezake parte txapelketan; maila pertsonalean edo elkarte baten izenean. Hala ere, antolatzaileek "bi edo hiru laguneko taldeak bultzatu nahi" dituzte. Aurten, bereziki, "emakumeak txapelketan parte hartzera animatu nahi ditugu", gaineratu dute jai batzordekoek. Sukaldari profesionalek ezingo dute parte hartu, txapelketa "herrikoia bultzatu nahi" dutelako.
Txapelketa bukatutakoan, bazkaria egingo da berdura plazan. Bazkarirako sarrerak egunean bertan erosi beharko dira eta txapelketan parte hartu dutenek izango dute lehentasuna. Izan ere, 150 lagunentzako lekua izango da bazkarian.
Azpiegitura eta osagaiak
Jai batzordeak, sua eta mahaiak jarriko ditu bakailao prestatu ahal izateko. Sukaldeko ontziak, berriz, norberak eraman beharko ditu. Osagaiei dagokienean, berriz, jai batzordeak bakailao, baratxuria eta olioa banatuko ditu parte-hartzaileen artean. Modu horretan, "parte hartzaile guztiek kalitate berdineko osagaiak izango dituzte-eta". Beste osagairen bat erabili nahi izanez gero, norberak eraman beharko du.
Prestatu beharrekoa
Partaideko kilo eta erdi bakailao prestatu beharko du, pil-pil erara. Parte hartzaile guztiak bi minututik bi minutura hasiko dira bakailaoa prestatzen, eta 35 minutu izango dituzte prestaketa lanetarako.
Epaimahaia
Bi sukaldari profesional eta bi herritar izango dira epaimahaikideak. Bakailaoaren aurkezpena eta zaporea hartuko dituzte kontuan.
Izen ematea eta sariak
Tabernetan dauden triptikoek izena emateko orri bat dute eta hori bete eta udaletxera eraman edota 943 15 70 68 telefonora deitu behar da parte hartzeko.
Sariak, berriz, honakoak izango dira:
- sailkatua: txapela + Kirurin 3 lagunentzat afaria
- sailkatua: arkumea + ardo kaxa
- sailkatua: 2,5 kilo txuleta
Lehen elkartea: egurrezko kutxara erraldoia