Joan den igandean, uztailak 11, hasi zen Azpeitia dantzan ekimena. Jose Mari Orbegozok zuzendutako saloiko dantzen taldeak eman zion egitasmoari hasiera, 20:00etan, plazan.
Hala ere, beste hiru emanaldi gelditzen dira datozen asteburuetarako. Hurrengoa, datorren larunbatean izango da, Izarraitz Pilotalekuan. Azpeitiko Itsasi Dantza taldeak Itzalargitan izeneko emanaldia eskainiko du, 22:00etatik aurrera. Sarrera doakoa izango da. Itzalak eta argiak izango ditu emanaldiak oinarrian eta dantza zahar nahiz berriak aurkeztuko dituzte jendaurrean.
Uztailaren 24an, Bulgariako Naiden Kirov eta Sahatsa taldeen emanaldia izango da, plazan, 22:00etan hasita. Bulgariako taldeak hango dantzak eskainiko dituzte. Sahatsakoek, berriz, Lapurdiko Inauterietako eta Zuberoako maskaradetako dantzak aurkeztuko dituzte.
Azpeitia Dantzan ekimeneko azken emanaldia Saninazio Egunean izango da, 23:30etik aurrera, Olazko Amaren Plazan. Errusia eta Buriatia errepublikako Baikalskie Volni dantza taldearen emanaldia izango da.