Alkate eta zinegotzi ziren garaian nazio instituzio bat sortu eta haren bitartez nazio eraikuntzan saiatzeagatik, ETAko kide izatea egozten die Espainiako Auzitegi Nazionalak hogei hautetsiri eta Udalbiltzako bi langileri, eta hori artean dira Miren Odriozola azpeitiarra eta Xarlo Etxezarreta hazpandarra. Gaur (osteguna) hasiko da epaiketa Madrilen eta auzipetuen aulkian eseriko dira Udalbiltzako kideak, nazio instituzio bat sortzeagatik ETAko kide izatea egotzita. Miren Odriozola Madrilen da jada eta Xarlo Etxezarretak epaiketara ez dela joango esana du.
Fiskalak eta Dignidad y Justicia herri akusazioak hogeita bi auzipetuak zigortzeko eskatu diote epaimahaiari. 10 eta 23 urte bitarterainoko zigor eskariak egin dituzte auzipetuen kontra. Nolanahi ere, haietako bakoitzari delitu zehatzik ez diete egozten, eta auzipetuetako inor ETAko kide dela ondorioztatzeko edo Udalbiltza ETAren aginduetara aritzen zela esateko moduko froga bakar bat ere ez dute aurkeztu. Akusazio orokorrak dira, guztientzat eginak. Odriozola eta Etxezarretaren kasuan, hamarna urteko espetxe zigorra eskatzen du fiskalak euren kontra, Dignidad y Justicia-k, berriz, 15 urte eskatzen ditu Odriozolarentzako eta 14 Etxezarretarentzat.
Javier Gomez Bermudez izango da epaimahaiburua -Egunkaria auziko berbera-, eta Manuela Fernandez Prado eta Javier Martinez Lazaro izango dira gainerako bi epaileak. Gaur eta bihar izango dira epaiketako aurreneko saioak, goizez, eta datorren ostegun eta ostiralean jarraituko dute. Lau saio horien ostean etena izango da, abuztuan, eta irailean jarraituko dute, 7, 8, 9, 14, 15 eta 16an.
Informazio gehiago berria.info-n.
Udalbiltzari babesa adierazteko deialdiak
Bai Udalbiltzari, bai Euskal Herriari lelo hartuta hainbat ekimen deitu da egun hauetan Urola Kostan. Ekimenetan Udalbiltzaren kontrako epaiketa salatuko da eta auzipetuei babesa adieraziko zaie.
Ostiralean, Azpeitian. Udalbiltzari babesa adierazteko manifestazioa, 19:30ean, herriko plazatik.
Larunbatean manifestazio nazionala, Bilbon. Etxe Zuri aurreko geltokitik irtengo du autobusak, 15:45ean. Aurretik autobuserako izena eman behar da honako tokiren batean: Orkatzen, OƱatz tabernan edo Jim Clarck tabernan.